Moila bazterrean

Rikardo Uzkudun 2015ko eka. 3a, 15:45

Jakinekoa da, gobernuan dagoen edozein alderdi egoten dela urertzean, itotzeko arriskuan.

Bukatzear da ikasturtea, eta bukatu dira futbol eta saskibaloi ligak. Ez dago aditua izan beharrik jakiteko Realak eman diola azken bultzada Eibarri putzura erortzeko.

Pablo Lasok bultza duela Gipuzkoa Basket moila bazterretik behera. Bistakoa da, Eibar zein GBC, bere merituz zeudela moila bazterrean, hanka bat lehorrean eta bestea airean zutela. Baina, asmatu ezinik nabil ia, Gipuzkoan, EH Bildu moilatik bere kasa erori den ala EAJk bultza ote duen.

Egia esan, bateko eta besteko datu eta iritzien erdian zer esan ez dakidala geratu naiz. Jakinekoa da, gobernuan dagoen edozein alderdi egoten dela urertzean, itotzeko arriskuan. Eta, nolabait esateko, oposizioaren lana ere bada plazatik moila bazterrera bultzatzea.

Eta, hemendik aurrera zer? Hasteko eta behin, twitterren lagun batek zioen bezala, espero dugu alkatea aldatzean ordenagailurik ez formateatzea. Espero dugu adostasunak bilatzea, informazioa trukatzea, gobernuko proposamenak serio eztabaidatu eta erabakitzea, eta oposizioak ere proposamenak egitea.

Ematen du, beste lagun batek zion bezala, oposizio kañeroak funtzionatzen duela, moila bazterrera bultzatzeak funtzionatzen duela, baina ez daitezela, faborez, hasieratik bultzaka hasi. Pare bat urte behintzat aguantatu ditzatela plazan, eta noizean behin dantza egin dezatela agarrauan.