Hauteskundeak

Joxe Anjel Zaldua alkate, gehiengo absolutuarekin

Karkara 2015ko eka. 15a, 11:45

Ez zen sorpresarik izan ekainaren 13an udalbatzar berria eratzeko eta alkatea aukeratzeko egin zen bilkuran

Hiru aste pasa dira hauteskundeetatik, herriak datozen lau urteetako udal gobernuak eratzeko bere botoa eman zuenetik. Negoziaketa, urduritasuna eta intriga izan dira azken hiru asteetako dinamika udalerri askotan. Orion, ordea, hauteskundeetako emaitzek ez zuten sorpresarako ia tarterik uzten: Joxe Anjel Zaldua aukeratu zuten alkate, gehiengo absolutuarekin.

Ekainaren 13an, larunbatean, 10:30ean hasi zen udalbatzar berria eratzeko eta alkatea aukeratzeko bilkura. Lehenik eta behin, legealdi guztietan egiten den bezala, adin mahaia osatu zuten Angel Del Hoyo zinegotzi zaharrenak eta Amagoia Iribar gazteenak.

Segidan, gainontzeko zinegotziek beren kargua zin egin eta alkatearen aukeraketa hasi zen. Joxe Anjel Zalduak zazpi boto lortu zituen, Emeterio Iribarrek lau eta Miriam Urangak 2. Horrenbestez, Zaldua izendatu zuten alkate, gehiengo absolutuarekin.

Kargu berria zin egin eta Beñat Solaberrietak emandako alkate makila jaso ondoren, hitz batzuk egin zituen Zalduak. Momentu hartan aretoan zegoen pertsona batek hauteskundeen emaitzak jakin zituztenean esandako hitz batzuk aipatu zituen: emaitzekin harro egon behar nuela esan zidan, baina ez harrotuta. Hala beteko dut.