Lehengo negozioen azken pausoak

Karkara 2015ko uzt. 1a, 14:33

Betiko taberna, burdindegia, okindegia eta zapata denda ziren. Ziren, urte bukaerarako guztiak itxita egongo
baitira. Loretxuk, Oriogik eta Oditzek burdin hesia jaitsita daukate, Lorek urte bukaeran giltzatuko du atea.

Eguerdiko txikitoa, hamaiketakorako ogitartekorako ogia, etxeko giltzaren kopia eta oparitzeko oinetakoak. Jaiotzetik ezagutzen dituzte oriotar askok herriko lau negozio: Loretxu, Oriogi, Lore eta Oditz.

Hasten eta hazten ikusten zituzten makina bat oriotarrek, eta, orain, ixten ikusi dituzte.  Atean zabalik txartela duela 49 urte jarri zuen lehenak, ia duela mende bat erdia. Atzetik jaio ziren gainerakoak, handik hainbat urtera. Guztiek urte berean jarri dute edo jarriko dute itxita txartela, aurten.

Lehen urratsak

Loretxuk  duela 49 urte zabaldu zituen ateak. Lehenago eraikina baserria zen, eta 1966an hartu zuen taberna izaera. Amona, ahizpa eta osaba –pentsatzen dut gurasoak ere bai– hasi ziren tabernarekin eta amona bukaera arte egon da, azaldu du Ander Beldarrainek.

Loretxuk martxan urteak zeramatzanean, plaza ondoko pasteleriak urteak zeramatzan itxita. Getariarra den Berasaluzek Zarautzen egiten zuen lan, burdindegian, eta hautsa hartzen zegoen lokala begiz jo zuenean, Zarauzko lana utzi eta Oriora etorri zen 1986an, negozio propioa irekitzera. 29 urte bete ditu dendak, Ibon semea jaio zenean ireki genuen. Zerotik hastea ez dela samurra aitortu du Berasaluzek. Hasiera gogorra izan zen, guztiak bezala.

Iñigo Alkortak ez ditu horrela gogoratzen hasierak. Okin-familiatik dator bera.  Gurasoek okindegia zuten.
Semea, birbiloba eta hereniloba, okinak guztiak. Tolosan zuten negozioak itota zuenez, hura utzi eta Oriora etorri zen, 1991n. Hasi ginenean ez genuen apenas konpetentziarik. Dena hazkundea zen, oparoaldia.

Oditzek ere ez zuen konpetentzia. Herriko lehen zapata denda izan zen. Ez zen zertan Donostiara ala Donostiara joan behar oinetakoak erosteko. Horrek erosotasuna ekarri zien oriotarrei, baita onetako erosoak ere.

Pausoka -pausoka, bagoaz aurrera

Loretxun hasieratik etxean bezala sentitu da bezeroa. Negozio familiarra zein heinean, giro familiarra gailentzen zen. Bezeroak ere familiako kide bilakatu dira denborarekin, guztion artean familia txiki bat osatzen dugu, dio Beldarrainek.

Lore Burdindegian, lehen urteak errazak ez izan arren, ondorengo urteak onak izan ziren. Dena den, Zarauzko eta Orioko burdindegien artean alderaketa handia zegoen: beste gauza bat zen hura, batzuetan arnasa hartzeko denborarik ere ez genuen. Baina, Orion ere aurrera ateratzea lortu zuen Berasaluzek eta negozioa zuzen bideratu zuen.

Oriogik ere ondo egin zuen lan urte luzez, 1991tik 2007ra, alegia. Erritmo ezinhobean egiten zuten lan: asko saltzen genuen. Beheko lokalarekin hasi eta goikoa ere erosi genuen, aurretik erretako ogia eskatzen baitziguten, eta hori gordetzeko izozkailua behar baigenuen. Behin espazio hori edukita, probetxua ateratzea pentsatu zuten: pasteleria jarri genuen. Pastelero oso ona hasi zen lanean eta pastel asko saltzen genituen.

Berasaluzek ere aitortu du urte onak izan dituztela. Motorra martxan jartzea erraza ez den arren, egoerak buelta ematea lortu zuela eta oso garai onak pasa dituela.

Loretxukoek ere garai eta momentu gogoangarriak pasa dituzte tabernan; bai familia artean, baita bezeroekin ere. Oroitzapen on asko geratu zaizkie, urte hauetan guztietan bizitakoak.

Ofizioa pasio, pasioa ofizio

Lana gogoz egin dute eta urte luzez Loretxun, bereziki amonak eta amak. Amonaren bigarren etxea zen taberna eta amak ere bere lehen pausoak han eman zituen, baita bere seme-alabek ere.  Tabernan hazi izan gara. Garai oso onak pasa ditugu familia giroan.

Ofizioa niretzat oso polita da, aitortu du Berasaluzek. Denetik dagoenez, denetik egiten da; oso entretenigarria da. Hori bai, jendea ibili beharra dago, argitu du. Bezeroekin harreman zuzena izan du, kontaktu zuzena izan du jendearekin. Batzuetan bezeroa produktu jakin baten bila etortzen da, baina ez daki nola izendatu. Asmakizunetan jolastea egokitzen zaigu. Zer nahi duten azaltzen saiatzen dira eta ni asmatzen. Kontaktu hori izatea oso polita dela gaineratu du.

Jende ugari ezagutu dut, gaineratu du Alkortak. Oso garai onak bizi izan zituen Oriogin, urte gogoangarriak. Oroitzen duen ia guztia ona da. Ezer gutxi du txarra esateko. Betidanik izan naiz okina, baina Oriogin bezain ondo ez naiz beste inon egon.

Guztia ez da zuria, badu beltzetik

Garai zailagoak ere igarotzen dira eta horiek ahaztea ez da erraza. Politikak, esaterako, eragin zuzena izan du negozioan, dio Berasaluzek. Herri honetan bi bando daude eta nik zerikusirik ez dudan kontuengatik negozioa zipriztindu da. Bezeroak galdu ditu. Horrez gain, krisiak ere eragina izan du. Azken urteetan beherakada handia izan da, egoera zaila da, jendeak neurtuta erosten du.

Alkortak gogoan du parrandatik bueltan joaten ziren gazteek zenbat gozo erosten zuten: eskaileretan esertzen ziren eta hantxe gosaltzen zuten. Zarata mordoa ateratzen zuten, isiltzeko esaten nien. Berak  xxxxx –isilik egoteko esanez bezala– egiten hasten ziren, eta are zarata handiagoa ateratzen zuten. Orain gurasoak dira horietariko asko eta kalean ikusten dituenean gaztetako irudia etortzen zaio gogora. Egun gazteek ez dute ohitura hori eta helduek ere ez dute lehen bezain beste erosten, parrandatik bueltan ez da lehen egoten zen giroa egoten. Hasi nintzenean estatuan 55 kilo ogi jaten zuen pertsonak urtean, orain 27 kilo. Tendentziak aldatu dira eta okindegi handiak sartu dira merkatuan. Prezioak kalitateak baino garrantzia handiagoa du, bereziki krisi garaian.

Iaztik zuten Loretxukoek buruan ixtearen ideia. Amonak taberna itxi arte lanean jarraituko zuen eta dagoeneko 69 urte ditu, nahiko lan egin du, dio Beldarrainek. Urte asko dira, bizipen asko, eta horrek zaildu egiten du erabakia hartzea.

Oditzekoek ere erabakia hartu eta negozioa utzi dute, oinetako denda itxi dute.  Orain, moila bazterretik paseoan zabiltzala, Oditzeko pertsiana jaitsita ikusiko duzu. Baita Loretxu tabernakoa, Oriogi okindendakoa eta, laster, Lore Burdindegikoa.

Agurtzea ez da samurra

Behartuta batzuek, egoerak bultzatuta. Jubilatzeko garaia heldu delako beste batzuek, amaiera idatzi nahi izan dutelako. Batera edo bestera, beti jartzen ditu ileak puntan negozio propioan itxita txartela betirako jartzeak.   Korapiloa eztarrian eta malkoak begietan zituztela esan diote askok agur negozioari, ez baita erraza agur esatea. Itxiera gogoraraztean ere hunkitu egin dira hainbat. Ez da erraza ia bizitoki izan dena betirako uztea.     

Amaierara arte borrokan, ilusioarekin, aritu da Akorta. Baina, egoera gero eta makurragoa zen, atzera bueltarik ez nuela ohartu nintzen arte. Pena handia ematen dit, bereziki langileengatik. Oso langile finak nituen, eta horiek kaleratzeak mina handia ematen zidan.

Ez da samurra ez jabeentzat, ezta herritarrentzat ere. Izan ere, herritar askorentzat elkargune ere izan den taberna itxita egoteak ohitura aldaketa dakar. Loretxu faltan sumatuko zutela aitortu zuten bertako bezeroak itxiera bezperatan, han etxean bezala sentitzen baitziren.     

Beste batzuentzat, ordea, ez da horren zaila izan agur esatea. Lehen egunetik argi zuen Berasaluzek 60 urte betetzen zituenean lana egiteari utziko ziola. 14 urtetatik dabil lanean, hasieran itsasoan eta gero lehorrean. Orain ez dit pena ematen, baina, tira, nork daki, akaso itxi eta gero pena sentituko dut, zer egin ez dakidala egongo banaiz.  Egitekoren bat bilatuko duela gaineratu du Berasaluzek.  

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!