Ander Beldarrain: “Badira tabernan ni baina urte gehiago eman dituzten bezeroak”

Karkara 2015ko uzt. 1a, 14:32

Hiru generazio aritu zarete tabernan lanean. Familia osoa.

Negozio familiarra izan da. Betidanik familiakoak egon gara lanean. Tarteka izan dugu familiakoa ez den besteren bat lanean, baina kasu bakanak dira. Normalean, familiarrak izan gara langileak. Horrek giro familiarra egotea ekarri du, jendea etxean bezala sentitzea.

Urtetan , jenerazioz jenerazio, pasatzen joan den haria eteteak pena ematen al dizu?

Nire amona hasiera-hasieratik egon da tabernan, bukaerara arte. Dagoeneko 69 urte ditu, eta badu garaia atseden hartzeko.  Ez bagenu itxiko lanean jarraituko luke. Ama ere betidanik ostalaritzan aritu da lanean, eta taberna oso lotua da, atsedenerako tarte gutxi ematen du. Ez du sekula beretzat denborarik izan. Gaur ala bihar hartu beharreko erabakia zen, eta, kosta zaigun arren, ixtea erabaki dugu.

Kosta zaizuela diozu.

Bereziki amari eta amonari. Pena ematen zien urtez urte pasa den haria eteteak. Horrek barren-kezka eragiten zion. Pena ematen zion eta gaizki sentitzen zen, baina momentua iritsi da.

Herritarrentzat ere itxiera tristea izan da. Maitatuak zarete herrian.

Gu lehen Aian bizi ginen arren, txiki-txikitatik tabernan ibili naiz eta han hazi naiz. Baina, hala ere, badira tabernan ni baina urte gehiago eman dituzten bezeroak. Horiei pena ematen die, eta normala da, urte luzez tabernara etorri baitira eta beren etxea kentzea bezala baita. Hala ere, ez nuen pentsatzen jendeari horrenbeste eragingo zionik.

Guk Loretxu gisa ezagutzen dugu, baina lehenago Aldapenea zela esan ziguten aurreko Herrian Galdezkan.

Ez nago ziur, baina nire aitonari Aldape deitzen ziela uste dut. Hortaz, akaso, lehen horrela izena zuen.

Eta orain, itxiera eta gero, nola aldatu da zuen egunerokoa?

Amonari hasieran mundua gainera egin zitzaion, gogorra egin zitzaion. Baina, orain, lasaiago dago. Bi asteburu daramatza amak, esaterako, libre. Batzuetan gaizki eta guzti sentitzen da, plan bat presarik gabe egin dezakeelako. Nik ere  denbora librea daukat orain eta, egia esan, eskertzen da. Dena den, faltan sumatuko dugula uste dut.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!