Sanpedroak 2015

Orioko pilotalekua bertsolari gazteenen topaleku

Karkara 2015ko eka. 29a, 09:33
Bertsozale elkartea

Paul Iruretagoiena Rezolak eraman du Eskolarteko Bertsolari Txapelketako txapela. 

Frontoiko harmailak jendez bete ziren. Ez zen apenas eserleku hutsik. XXVII. Eskolarteko Finala jokatu zen larunbat goizean, ikusle ugari bildu zituena. Oholtza gainean Euskal Herriko bederatzi bertsolari zeuden eta horien guztien artean bertsotan finena Paul Iruretagoiena Rezola izan zen. Txapeldunordea Aitor Servier Etxexuri izan zen.

Maialen Lujanbiok aurkeztu zituen bertsolariak. Eta, ondoren, bertsolariek aurkeztu zituzten beren buruak agurreko bertsoarekin. Lehendabizikoa Txaber Altube izan zen eta honen atzetik kantatu zuten Lurdes Ondarok, Aitor Servierrek, Peru Abarrategik, Nahia Sascok, Paul Iruretagoienak, Peru Amorrotuk, Manex Mailharinek eta Iñigo Ibañezek. 

Bertaratutakoak agurtuta, egin beharreko lanei ekin zien. Lehendabiziko zortzi handian bina bertso bota zituzten, binaka. Ondoren beste bi bertso bota zituzten zortziko txikian. Gehienez bost puntuko neurrian bertso bana bota zuten atzetik. Eta, amaitzeko, agurreko bertsoa kantatu zuten.

Finalean parte hartu zuten bertsolari guztiek saria jaso zuten, gabonetako oporraldietan egingo den Negulekuarako egonaldia. Txapeldunordea ere saritu zuten, eta, noski, baita irabazlea ere. Sustrai Colinak jarri zion txapela Paul Iruretagoienari.

Orioko azken saio honekin amaitu du aurtengo Eskolartekoak bere ibilbidea. Guztira 15-18 urte bitarteko 112 gaztetxok hartu dute parte. 

Arratsaldean, bertso gehiago

Saioa amaitzean guztiak elkarrekin bazkaldu zuten Orioko plazan. Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseiluarekin elkarlanean, bertako produktu ekologikoak oinarri dituen bazkaria jan zuten parte hartzaile guztiek.

Bazkalostean, Maialen Lujanbiok eta Sustrai Colinak bertsoak kantatu zituzten, eta, gero, Keshala musika taldeak eta Bi Bala laukoteak kontzertsua eskaini zuten. 

Erlazionatuak

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!