Azken gutuna

Egoitz Eizagirre 2015ko uzt. 1a, 15:48

Doinua: Nolabait denok lotu nahi degu

1

Bi mila ta bia izango zen
oroitzea(r)i nola utzi,
Lizardirako listo nengoen
zer nahi nuen erakutsi.
Ta paper baten hala eman zidan:
Hi izango haiz nagusi,
hik behar dituk danak hautsi
ez baitek balio gutxi!
kantatu nuen ta oso gaizki,
ibili nintzen itsusi;
ta okerrena bera ez dedala
geroztik gehi(ag)o ikusi.

2

Baina gaur ere niri begira
hor egongo da ortzean,
bere indarra ailegatzen zait
pentsatuta hotz-hotzean.
Laguna nuen ta laguna dut
beti gau ta bihotzean,
ta gaur zeozer lortzean,
hiru esaldi lotzean,
berdin berdina zait luzean jardun
edo ta jardun motzean
beti karta bat idazten diot
nire bertso bakoitzean.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!