"Piraten" alde 24 ordu igerian egingo ditu Carlos Peñak

Karkara 2015ko uzt. 8a, 10:21

Aspanogi elkartearekin batera Uretara Piratekin ekimena antolatu du igerilariak. Oriako itsasadarrean igeri egingo du uztailaren 11ko 16:30etik hurrengo eguneko ordu berera.

Elkartasunagatik askotan egin du igeri Carlos Peñak, eta zortzigarren aldia da 24 ordu egingo dituela. Oraingoan, ASPANOGI elkartearen alde egingo du Peñak, minbiziaren errealitatea eta elkartearen lana ezagutzera emateko. Uretara Piratekin ekimena antolatu dute datorren asteburuan, uztailaren 11n eta 12an.

Elkartean, adin txikiko minbizidunei piratak deitzen diete; horregatik, beren ikurra zapia da. Asteburuko ekintzaren bidez denak pirata izan daitezen nahi dute antolatzaileek, eta zapi pirata horiak banatuko dituzte.

Oria ibaia ongi ezagutzen duen igerilaria

Askotan entrenatu du Orian Peñak, eta ongi ezagutzen du itsasadarra. Oraingoan 24 orduz arituko da igerian ibaian gora eta behera. Uztailaren 11ko, larunbateko, 16:30ean sartuko da uretara. Arraunetxetik irtengo da eta igerian hasiko da ibaian behera. 17:44an, itsasbeherarekin batera iritsiko da eta, orduan, buelta emango du eta goran hasiko da igerian. Ibaian gora Aginagako zubiraino joango da eta 23:40 inguruan iritsiko da, itsasgoran.

Han, berriz ere buelta emango du. Ibaian beheranzko ibilbidea egingo du gauez, eta uztailaren 12ko, igandeko 6:16 inguruan iritsiko da berriz itsasadarraren isurialdera. Berriz ere gorantz, 12:46an iritsiko da Aginagara eta, han berriz buelta eman ondoren, 16:30ean helmugaratuko da.

Gutxi gorabehera, 27 minutuz behin geldialdiak egingo ditu, pare bat minutukoak. Geldialdi horietan indarrak hartu eta elikatu egingo da, berriz igerian jarraitzeko. 24 ordutan ez da uretatik aterako. Gogorra da, gorputzarentzat egur handia da, baina merezi du, dio Peñak.

Egitaraua

Peñaren igerialdiaz gain, asteburu osoan ekintzak egongo dira ibaiaren inguruan. Hona hemen egitaraua:

Uztailak 11

16:30 Carlos Peñaren irteera.

16:30etik 19:30era ASPANOGIren karpa ikastolan19:30 Hanburgesa parrillada

Uztailak 12

10:30 Elkartasun Martxa Nordiokoa. Orioko kanpinetik irten eta plazan izango du helmuga. 8 kilometro.

14:00 Paella erraldoia egingo dute Basque Culinary Centerreko 5 ikaslek eta irakasle batek
         Dastaketari hasiera Ibon Huegunek emango dio

16:30 Carlos Peñari Ongietorria

ASPANOGI karpara sartzeko elkartasun sarrera ordaindu beharko da, euro bateko prezio sinbolikoa duena. Horren truke, zapi piratak banatuko dituzte. Martxa nordikoan parte hartzeko ere elkartasun dohaintzak egin beharko dira. Dohaintzak egin eta janari txartelak erosten dituztenen artean Martin Berasategiren jakatxoa eta bere jatetxerako afaria zozketatuko dira.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!