Landarea jasotzetik jaterainoko bidea

Karkara 2015ko abu. 26a, 08:32
Argazkia: Jesus Perez

Basoko landareen inguruko ikastaro praktikoa antolatu du Mandalara Elkarteak abuztuaren 30erako.

Goizean goiz hasi eta arratsaldera bitarte luzatuko da ikastaroa Mandalara Elkartean, tailerra festa giroan egingo baita. Goizeko 10:00etan elkartuko dira elkartean. Gaiaren inguruko lehen zantzuak jasoko dituzte han. Zergatik diren garrantzitsuak basoko landareak, noiz jaso behar diren, nola... Ezagutza teoriko hori jasota, alderdi praktikoari eutsiko diote.

10:30ean ibilaldia egingo dute aipatutako landareak identifikatzeko. Txangoa egiten ari direla, 11:30ean, hamaiketakoa egingo dute. Ikasten ari diren landare horiekin egindako jakiak jango dituzte. Eguerdian, berriz ere, landare horiekin egindako sei plater kozinatuko dituzte. Sukaldean aritu ondoren, mahaiaren bueltan eseri eta elkarrekin bazkalduko dute.

Bazkalondoan tradizioaren eta ekintzailetasunaren inguruan hitz egingo dute, gai horien inguruan iritziak elkarbanatuko dituzte. Hori guztia Clara Stana Gutierrez biologa eta etnobotanikan adituak gidatuko du.

Ikastaroan parte hartu nahi duenak 50 euro ordaindu beharko ditu. Prezio horren barruan sartzen da tailerra, hamaiketakoa eta bazkaria. Plazak mugatuak dira, hortaz, aurrez izena ematea komeni da. 648 48 74 89 telefonora deituta edo Antxiola kalean duten elkartera joanda eman daiteke izena.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!