Eragin handia duten aldaketa txikiak

Karkara 2015ko abu. 25a, 10:34

Orioko kanpinak aldaketa asko eman ditu azkenaldian, bereziki Bungalowak egin zirenetik hona. Aurten aldaketa txiki asko egin dituzte, zerbitzua hobetu dutenak.

Hondartzara bidean, kanpinaren ondotik pasatzerakoan, itxura aldaketaz ohartuko zarete. Kanpoaldeko hesia kendu dute. Eta harrera eraberritu. Margotu. Itsasontzi forma eman. Kamaroteko atea dirudiena zabalduz gero, ez duzu itsasontzirako sarbidea aurkituko, Orioren gaineko informazioa baizik. Turista asko joaten dira kanpinera, informazio eske, eta guk ezin dugunez turismo bulegoaren zerbitzua eman, informazio panel hori jartzea erabaki dugu, azaldu du Asier Santos kanpineko zuzendariak.

Baina aldaketak ez dira kanpoaldetik antzematen direnak bakarrik. Barrutik ere aldatuta dago kanpina. Aldaketa guztiak bezeroaren ulergarritasunaren alde eta zerbitzu efiziente bezain azkarra emateko helburuarekin egin dira.

Igerilekuan txirrista jarri dute haurrentzat. Bi igerileku daude: bat helduena eta bestea haurrena. Haurrentzako igerilekuan jarri dute txirrista, berak jolasteko.

    

Zuhaixkak jarri dituzte partzela eta partzela artean. Honela, hobeto bereizten dira espazioak eta ez da gaizki ulerturik egongo. Bezeroak bere kanpina edo bungalowa non dagoen jakiteko seinaletika berritu da. Sarreran koloreekin eta kale izenekin egindako mapa dago. Bestalde, kale guztietan seinaleak jarri dituzte, kale izenekin eta partzelaren zenbakiekin. Bungalow guztiek ere izena dute.

             

Barbakoa gune berri bat jarri dute komunen aurrean. Bi barbakoa jarri dituzte, baita mahaiak ere. Honela, ez dute zertan kanpinaren beste aldera joan behar barbakoa egin ahal izateko. Eta, gainera, komunak aldamenean izanda, garbiketa bainugelan egin dezakete.

              

Etxola bat ere egin dute, materiala biltzeko. Honela, langileek badakite non aurkituko duten lanerako behar duten erreminta hori. Orain bi gunetan dago bananduta materiala, txukun antolatuta. Langileek konponketak azkarrago egiten dituzte aldaketa txiki honen erruz.

               

Aldaketa horiez guztiez gain, sarreran, zakarrontziei estalpeak egin dizkiete. Edukiontziak bere horretan utzi beharrean, egurrezko estalkiak egin dizkiete, txukunagoa izateko. Kanpinerako sartu-irtena egiteko check-in guneak egin dituzte harreran.

    

Baina, aldaketarik nabarmenena garbitasunarena eta ordenarena izan da. Santosek oso argi dauka oso garrantzitsua dela hori. Eta guztia txukun badago, errazagoa da bezeroak errespetatzea eta berak ere txukun uztea.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!