Arrauna 2015

Gipuzkoako Liga itxi duen bandera

Karkara 2015ko abu. 24a, 14:57
Argazkia: Joxemari Olasagasti

Colindreseko estropada izan zen larunbatean. Zazpigarren postuan helmugaratu ziren oriotarrak, ziaboga gaizki hartu eta denbora galduta. Bandera San Juanek irabazi zuen.

Euskotren Liga amaitu da, baina arraun asko dago oraindik. Arraunlariek eta arraunzaleek burutik kendu ezin dute Kontxako estropada batetik, baina baita ordura arteko estropada guztiak ere. Tartean, asteburu honetakoa, Colindreseko bandera.

Erlojupeko estropada izan zen, ziaboga bakarrekoa. Oriotarrek ziabogan kale egin zuten, istriborretik hartu baitzuten. Hortaz, zuzendu eta ababorretik sartu behar izan zuten. Lan horiek egiten denbora dezente galdu zuten eta azkenak izan ziren ziabogatik ateratzen. 5:42 behar izan zituen azkarrenak, San Juanek; Oriok 6:27ko denbora markatu zuen ziabogan.

Bigarren luzean, ordea, bi traineruri aurrea hartu zien: Oiartzungo itsaslapurrei eta Colindresi. Zazpigarren postuan amaitu zuten neskek 11:37:06 denboran geldituta kronometroa. Irabazlea San Juan izan zen, 10:41:67 denborarekin. Bi segundora Zumaia sailkatu zen eta Hibaika hirugarren. Aurtengo denboraldian, orain arte, Orioren atzetik gelditu diren Zarautz, Donostiarra eta Hernani izan ziren ondorengo sailkatuak.

Gipuzkoako Ligako irabazlea ere izendatu zen larunbatean, eta Zumaiak eraman zuen liga horretako bandera. Oriotarrak laugarren gelditu ziren ligako sailkapen orokorrean 62 punturekin, Hibaikarengandik sei puntura.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!