Iñigo Fernandez: "Nikoren paperean egunerokotasunean egin ezin ditudan gauzak egin ditzaket"

Karkara 2015ko abu. 27a, 10:09

Loturarik ez zuenean aske sentiarazten dion hori ikastera joan zen, zirkua. Alemanian ikasitakoarekin eta maleta esperientziaz beteta zuenean, Danimarkara eta Ingalaterrara joan zen. Orain, Orion dago eta Nikoren paperean sartuta taularatuko da larunbatean, 18:30ean, herriko plazan.

Nola eta noiz hasi zenuen pailazo ibilbidea?

Beti gustatu izan zait zirkua. Txikitatik. Ume guztiei gustatzen zaie zirkua, baina adin batera iritsi eta pasioa ez zitzaidala joaten ohartu nintzen. 16-18 urterekin oraindik gustatu egiten zitzaidan. Internet bidez pailazo Aleman bat ezagutu nuen, eta aukera izan nuen hogei urte nituenean berarekin lan egiteko.

Orion ez nuen inongo loturarik, hortaz, probatzera animatu nintzen. Danimarkara joan nintzen astebete, proba bezala, eta onartu egin zidan.

Autodidakta izan zara ala nonbaiten ikasi duzu?

Pailazo Alemanak asko erakutsi dit: makilatzen, arropa aukeratzen, mimika egiten, keinuak... Eta, gero, zirku asko ikusten. Orain, gainera, internet daukagu, eta interneten pila bat ikasteko aukera dago. Baina, bereziki, zirku eta pailazo asko ikusten.

Alemanian eta hemen, zirku-kultura ezberdina al da?

Bai, oso. Hemen Pokemon eta horrelakoak ateratzen dizkizute. Alemanian kategoriko artistak daude eta ez dute hemengoek egiten duten betelana egiteko beharrik. Musika zuzenean izaten da, ondo prestatzen dute guztia... Hemen, estatuan oro har, lotsa ematen dit sarritan zirkura joateak.

Pailazoak berezkoa du pailazo izate hori edo ikasi egiten da?

Zaila da galdera. Batzuk jaio egin behar dela diote; beste batzuk, eskoletan ikasita pailazo izan daitekeela diote. Nire adibidea: nik ez dut ikasi eskola batean, nik egunero entseguak egiten ikasi dut. Niri gustatu egiten zaidalako egiten dut. Eta horregatik iritsi naiz Alemanian, Danimarkan edo Ingalaterran antzeztera. Gustatu egiten zaidalako, niretzat pasioa delako, bizi egiten dudalako. Makilatu eta sudur gorria jartzean, beste pertsonaia bat bihurtzen naiz.

           

Eta beharrezkoa? Zer behar da bai ala bai pailazoa izateko?

Pasioa eta lotsa ez edukitzea.

Horrelako kontuetarako ez gara oso lotsatiak?

Bai, askotan bai. Baina lotsak alde batera utzi behar dira eta pertsona horren azalean jarri. Lotsak ez dira ezertarako ere behar.

Beste pertsonaiaren azalean jartzean, zer da gehien erakartzen dizuna?

Niko oso inozentea da eta inozentzia hori asko gustatzen zait. Lau urteko umeak egiten dituen bihurrikeria berdinak egiten ditu, hortaz, askatasuna ematen dizu edozer egiten. Bere paperean eguneroko bizitzan egin ezin ditudan gauza horiek egin ditzaket.

Papera interpretatzearen atzean lan handia dago, taularatu baina lehen egin beharrekoa...

Soinuak aukeratu, musika aukeratu, muntatu, bozgorailuak eta prest eduki, istorio edo gidoi bat prestatu... Ekitaldi bakoitzaren aurretik hiru-lau asteko lana dakar horrek.

Aste honetan Orion izango duzu ekitaldia. Herrian antzezteak batzuei erreparoa ematen die, beste batzuek nahiago dute... Zuk?

Ez da lehen aldia Orion ekitaldia egingo dudala. Kilometroak egunean egin nuen, Ikastolan ere eginda daukat eta iaz, Arkuperekin, pertsonaia komiko bat interpretatu nuen. Herrian delako pittin bat urduriago egoten naiz, baina ez dit erreparoa ematen. Baina lasai nago.  Paperean sartzen naizenean urduritasun horiek guztiak ahazten zaizkit.

Zer nolako emanaldia izango da?

Musika egongo da haurrek dantza egin dezaten, malabarismoak, magia pittin bat ere bai... Zirkuko adar guztiak ukituko ditut, baina pailazoa naizenez, bihurrikeriak egingo ditut: malabarismoak gaizki egingo ditu, magia agian aterako zaio, akaso ez...

Gaizki egiteko ondo egiten jakin beharko da, ezta?

Bai, noski.

Larunbatean, 18:30ean, ezta?

Hori da. Udaletxe aurreko eskaileretan izango da. Gutxi gorabehera ordubeteko emanaldia izango da.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!