Jon Azkue: "Munduko jokalari onenen aurka jokatzeko aukera da, eta zu ere horien artean zaudela konturatzen zara"

Karkara 2015ko abu. 26a, 12:56
Argazkiak: Eugênio Sávio

Emozio gazi-gozoekin gogoratzen du Mundiala Jon Azkuek –Orio, 1994–. Zapore gazia utzi dio lortutako zazpigarren postuak eta gozoa bizitako esperientzia bereziak. Zaporerik migotsena: junior selekzioarekin izango duen azken zita dela.

Zer da zuretzat Mundialera iritsi eta bertan Espainiako selekzioarekin jokatzea?

Beti da berezia. Izan ere, junior mailako munduko jokalari onenen aurka jokatzeko aukera da, eta zu ere horien artean zaudela konturatzen zara. Aurtengoa gainera oso zita garrantzitsua izan da, Espainiako selekzioarekin jokatzeko azken aukera izan baitzitekeen; hemendik aurrera, horrelako beste esperientzi bat bizi ahal izateko, nagusien selekzioan sartu beharko dut burua, eta nahiz eta esperantza inoiz ez galdu, hori lortzea oso zaila da.

Zer moduzko emaitzak izan dituzue?

Zerbait handia egiteko asmoz joan ginen Brasil aldera, hiru txapelketa garrantzitsu jokatu baititugu azken hiru urtetan eta bertako emaitzak oso onak izan baitira: bi laugarren postu eta brontzezko domina bat ere bai. Berriz finalerdietan sartu eta beste pausotxo bat emateko esperantza genuen, baina final laurdenetan, zorte falta pixka bat izan genuen eta partidu osoa irabazten joan ondoren, bi minuturen faltan galtzen jarri ginen. Dinamarkaren aurka izan zen partidu hau, ondoren Frantziaren kontra galduko zuena Munduko Txapelketako finalean. Azken finean, lortutako zazpigarren postu horrek nahiko zapore txarra utzi digula esango nuke.

Bidasoari begira… datorren denboraldirako osatutako taldea zertan da ezberdina aurreko urtekoaren aldean?

Nik uste aurtengo taldea bigarren mailarako gehiago pentsatua dagoela, jende txikiagoa eta azkarragoa, aurreko urtean baino biziago jokatzeko aukera gehiagorekin. Egia esan oso gustura gaude egindako taldearekin, aldaketa dezente egon den arren, elkar ulertzen hasiak gara eta itxura polita hartzen ari da taldearen jokoa.

Eta zer helburu dituzue? 

Pare bat urte badaramatzagu esanez helburua Asobal ligara igotzea dela, aurreko urtean talde ona egin genuen eta igotzeko urtea izan zitekeelakoan geunden. Play offa iritsi eta masaileko galanta jaso genuen ordea. Aurten berriz talde ona egin dugulakoan gaude eta berri ere helburua berdina izango da, Asobal ligara igotzea.

Eta zure helburu pertsonalei buruz?

Nire helburu pertsonal nagusienetakoa bezala, fisikoki aurrera pauso bat ematea da, aspektu horretan hobetzea. Horrez gain, ahalik eta urterik onena egitea, taldea gidatzerako orduan. Zaila izango da aurreko urteetan bezain beste gol sartzea. Baina taldeko jokoa hobea den bitartean helburuak betetzat joko dira.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!