Arrauna 2015

Kontxak Orion duen berezitasuna

Iratz Urkizu 2015ko ira. 25a, 09:34

Emaitza baztertu eta bizi dituzten koloreak defendatuz, arraunlariei egindako lana eskertzen zaie.
Kanpoko jendea harrituta geratzen da hori ikusi ondoren.

Arrauna eta Orio, Orio eta arrauna, bi hitz ezberdin dira baina  oso lotuak aldi berean; batez ere iraileko lehen bi igandeetan jokatzen den Kontxako estropadan.
 
Estropada hau, gainera, oriotarrentzat garrantzitsua bezain berezia da. Arraun talde askok hartu nahi izaten du parte  bi  eguneko estropada honetan, baina, batez ere, oriotarrek. Azken urte hauetan, bi talde oriotar izan dira han, gizonezkoena baita emakumezkoena ere.

Bai Kontxak Orion eta bai Oriok Kontxan indar berezia dute, izan ere, 31 bandera dituenez, beti faboritoen artean egoten da, baina orain beste arraun taldeak ere, Orio bezain ondo prestatzen dira estropada honetarako eta irabaztera doaz gainera.

Arraunlariei ilusio berezia ematen die bandera hau jokatu eta irabazteak, gainera egun honetan arranpan bertan biltzen den afizio guztia, haur txikienetik hasita pertsona nagusitaraino, horiz jantzita txalo eta oihuen artean beraiei animatzen ikusteak, indar handiago ematen die estropada irabazteko.

Baina afizio ikusgarri honek ez ditu animoak bakarrik ematen, presioa ere eragiten du, Oriok duen izena edukita afizioa ez da estropada on batekin konformatzen, Kontxan behintzat, jendearen nahia bandera etxera ekartzea da. Eta horrekin, ez dugu berak irabazteko jartzen duten grina ikusten, hori lortzeko pasa dituzten une guztiak estimatzen.

Bestalde, onartu beharra dago, jendea estropada amaieran, irabazi behar hori alde batera utzi eta animatzera jaisten dela arranpara. Eta hori miresteko zerbait da, han ikusten baita, emaitza baztertu eta  bizi dituzten koloreak defendatuz, arraunlariei egindako lana eskertzen zaiela. Zaletu gutxitan ikusten da hori, eta horixe da Orioko zaletuen berezitasun bat. Kanpoko jendea harrituta geratzen da hau ikusi ondoren, eta oilo ipurdia jartzen zaiela ere aitortu izan dute noizbait.

Txanpa txiki bat falta izan zaie , bandera etxera ekarri ahal izateko, baina txanpa txiki hori ezin izan dute gainditu. Aurten irabaztea zaila egon da, aurkari gogorrak izan dituzte eta batzuetan zorte txarra ere bai alboan. Ahal duten guztia eman dutela ikusi da. Beti ezin da irabazi, eta hori ondo dakigu, baina horrek ez du esan nahi amore eman behar denik. Beraz, irabazi edo galdu balearen bertsoek diotena oihukatu dezagun: gora oriotarrak esan beldur gabe.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!