Final zortzirenak asteburu honetan amaituko dira

Karkara 2015ko urr. 9a, 09:20

Iñaki Gurrutxaga eta Egoitz Eizagirrek hartuko dute parte larunbateko saioan, Arrasateko Amaia antzokikoan, eta Ibai Esoainek Andoainen izango den igandeko saioan. Biak ala biak 17:30ean hasiko dira.

Asteburu honetan amaituko dira Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa final zortzirenak. Bi saio jokatuko dira asteburuan. Bata, larunbatean, Arrasateko Amaia antzokian; eta bestea, berriz, igandean, Andoaingo Bastero kulturgunean.

Larunbateko saioan bi oriotarrek hartuko dute parte, Iñaki Gurrutxagak eta Egoitz Eizagirrek. Berekin batera taularatuko dira Eneritz Artetxe, Haritz Casabal, Aratz Igartzabal eta Felix Zubia. Saioa Asier Iriondok aurkeztuko du eta irabazten duen bertsolaria zuzenean sailkatuko da azaroaren 1ean Ormaiztegin jokatuko den final laurdenera. Oraingoz Arkaitz Oiartzabal eta Iñaki Apalategi dira final laurdenetarako txartela lortu duten bi bertsolariak.

Igandeko saioan Ibai Esoainek hartuko du parte. Oriotarraz gain, beste bost bertsolari igoko dira oholtzara: Gemma Urteaga, Jokin Uranga, Antton Fernandez, Asier Azpiroz eta Unai Gaztelumendi. Inaxio Usarraldek aurkeztutako saioko lehen sailkatuak urriaren 31n Zestoan jokatuko den final laurdenerako txartela lortuko du. Zestoarako jada sailkatuta daude Alaia Martin eta Jon Maia.

Dena den, final zortzirenetako saioen irabazleez gain, puntuazioaren arabera beste 17 bertsolari sailkatu dira final laurdenetara.
Bai larunbatean, bai igandean, bertsolariak ondorengo lana egin beharko dute:

  • Binaka, gaia emanda, zortziko handian hiruna bertso.
  • Binaka, gaia emanda, zortziko txikian hiruna bertso.
  • Bakarka, lehen puntua emanda, zortziko txikian bina bertso.
  • Binaka, gaia emanda, hamarreko txikian hiruna bertso.
  • Kartzelako lana: Bakarka, gaia emanda, nahi den doinu eta neurrian, hiruna bertso.

Ohi bezala, sarrerak aurrez eros daitezke www.bertsosarrerak.eus webgunean. Baina saioen egunetan ere eros daitezke, aretoetako leihatiletan, 16:00etatik aurrera. Gaztetxoen sarrera 4 euroan da, Bertsozale Elkarteko bazkideena 6 euroan, eta gainerakoena 9 euroan.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!