Traineriletako lehen bandera Aginagan

Karkara 2015ko urr. 13a, 08:19
Argazkia: Joxemari Olasagasti

Aginagako III. Trainerila Ikurriña zegoen jokoan larunbatean, 15:30ean hasita. Orioko neskek irabazi zuten txapelketa, lehendabiziko bandera traineriletan.

Hiru trainerila emakumezkoetan eta lau gizonezkoetan; eta, kronometroa gelditzen lehenengoak, Orio eta Zarautz izan ziren. 

Nesketan Oriok eta Hibaikak hartu zuten parte lehen txandan, eta Getariak bigarrenean. Ordena honetan igaro ziren helmugatik: Orio lehenengo 09:34:97 denborarekin, Getaria bigarren 09:55:15 denborarekin eta Hibaika hirugarren 10:12:03ko denbora eginda. 

Garaipen garrantzitsua izan zen oso oriotarrentzat, traineriletan irabazten zuten lehen bandera izan baitzen. Etxetik gertu, etxean bezala sentitzen diren estropadetan lortu dute beren lehen bandera. Ontzia arraunlari hauek osatu dute: Ohiane Iraola, Itxaso Azkonobieta, Maria Gutierrez, Eider Zubelzu, Onintza Olaizola, Leire Begiristain eta Nadeth Agirre patroi lanetan.

Gizonezkoetan lau ontzi uretaratu ziren. Lehen txandan Orio eta Aginaga, eta bigarrenean, Aia eta Zarautz. Guztietan azkarrena Zarautz izan zen, 08:25:28 denborarekin. Zarauztarren atzetik helmugaratu ziren aiarrak, 08:46:34ko denbora eginda. Orio, hirugarren 08:46:39 denbora eginda; eta Aginaga laugarren, 08:49:72 denborarekin.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!