Ezin irabazi Tolosaren aurka

Karkara 2015ko urr. 12a, 16:01

Orioko sei taldeetatik bik Tolosaren aurka jokatu zuten, erregional mailako bi taldeek, alegia. Ezin izan zituzten partida horiek irabazi, baina gainontzeko guztiak nagusitasunez irabazi zituzten.

Etxean jokatzeak bestelako indarra ematen duen arren, zelaian jarritako esfortzu eta gogoak ez zuen fruiturik eman. Partida zaila izan dute asteburuan oriotarrek. Tolosa zuten arerio, Ohorezko erregional mailako talderik indartsuena. Liderra da eta jolastutako partida guztiak irabazi ditu. Asteburuan ere irabazi egin zion partida Oriori, 0-3 emaitzarekin.

Taulako azken aurreko postuan kokatu dira emaitza hori dela eta oriotarrak. Jokatutako bost partidetatik bakarra irabazi dute eta lau galdu. Zenbakiak ikusita mailaz igotzeak zailtasunak ekarri dizkiela esan daiteke, baina partidetan aurpegia eman dute eta aurkariari ez dizkiete gauzak erraz jarri. Hortaz, jaitsiera postuetatik atera eta liga osasuntsu amaitzeko aukerak dituzte oriotarrek.

Datorren astean bizilagunaren etxean jokatzen dute, Zarautzen. Zarautz taularen erdialdean dago, zazpigarren postuan. Garrantzitsua izango da datorren asteko partidan hiru puntuak lortzea, taularen azken postuetan gauzak estu baitaude eta arnasa emango bailieke. 

Partidaren hondarrean galdu dute erregional neskek

Erregional neskek ere tolosarren aurka jokatu zuten asteburuan. Partida zaila zen hau ere, Tolosa lider baitzen. Kasu honetan, oriotarrek ez zuten Mendibeltzen jokatu, Tolosan baizik. Partida estua izan zen, bizia. Markagailua golik gabe, hutsean, egon zen 85. minutura arte. Partida amaitzeko 5 minutu falta zirenean gola sartu baituzten tolosarrek.

Orioko Futbol Taldeko zuzendaritzak esan duenez, neskak lan ona egin zuten Tolosaren aurka. Pena handia eman die partidaren hondarrean galdu izanak.

Gainontzeko partidetan Orio jaun eta jabe

Ohorezko jubenilek 0-2 irabazi zuten etxetik kanp, Ostadarren aurka. Lortutako hiru puntuak oso baliagarriak dira, sailkapenean hainbat koska gora egin baitituzte. Duela bi aste sailkapeneko azken postuan zeuden oriotarrak, baina azken bi partidak irabazi eta gero, zortzigarren posturaino igo dira.
 
Kadeteek zazpi goleko aldearekin irabazi zioten Kostkas B taldeari. Partidaren hasieratik jaun eta jabe izan ziren oriotarrak eta lidertzari eutsi ahal izan diote. Orain, liderrak dira, bakarrik. Gainontzekoekiko duten aldea handitzen ari dira partidaz partida.
 
Ohorezko infantilek ere gol asko sartu zituzten asteburuan. 5-3 irabazi zuten Lehengokoak taldearen aurka. Antiguorekin batera, puntu gehien biltzen dituen taldea da Orio. Sei puntu dituzte bi taldeek. Liga gogorra dute aurretik, baina momentuz oso ondo ari direla aitortu dute Orioko arduradunek. Bi partidu jokatu dituzte eta biak irabazi dituzte.
 
Infantil txikiek ere irabazi egin zuten, 1-3 emaitzarekin. Bi golek aldearekin mendean hartu zuten Lagun Onak taldea. Oso garaipen garrantzitsua da, eskuratu dituzten lehen hiru puntuak izateaz gain, taularen azken postuetatik aldentzeko balio izan baitie.  

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!