Gure Bazterrak

Joe la Reina: "Etxean izateak asko motibatzen gaitu. Aspaldi ez dugula Euskal Herrian jotzen"

Karkara 2015ko aza. 25a, 12:12

Bailamos por miedo bira bukatu arren, kontzertuak eskaintzen ari dira hurrengo LPa grabatzen duten bitartean. Larunbat honetan Orion arituko dira, Gure Bazterrak Festibalaren baitan.

Bailamos por miedo da zuen lehen lana. Euskal Herrian beldurragatik-edo dantza egiten ez dugula diote, ordea...

Hori dirudi Euskal Herrian, bai. Baina egia esan, gure lanaren izenak etengabe mugimenduan egotearen beharra adierazi nahi du. Geldi egoteak beldurtzen gaitu, bai bizitzan, bai musikaren esparruan.

Folk-pop neohippya.  Ondo definituko genuke horrela zuen musika?

Gure lehenengo EPa Change of Masks , ingelesez abestua, oso ondo definituko zenukete baina ez ordea gure lehen lan luzea, Bailamos Por Miedo. Honetan, soinu akustikoak ez genituen alde batera utzi eta soinu elektronikoagoak gehitu genituen: sintetizadoreak, bateria elektronikoak, sampleak…

Taldean ez ditugu gogoko etiketak, hmusika edo lana mugatzen baitute eta hori azkenean ez da inolaz ere aberasgarria. Azkenean, etiketaz aparte, bakoitzak esan behar du abestiak gustatzen zaizkion edo ez.

Denbora luzez egon zineten lanean diskoa argitaratu baino lehen. Ondo definitu nahi zenuten zuen identitatea?

Aldaketa asko egon ziren EPtik LPra. Alde batetik,  bi taldekide aldatu ziren; eta bestetik, nola musikan, hala hizkuntzan pausu bat aurrera eman nahi genuen.

Ingelesetik gaztelerara aldatzeak, letren konposaketa zailtzen du, eta, aldi berean, jendeari sakonago ailegatzeko aukera ematen du.

Musika arloan ez genuen folk musikarekin konformatu nahi, eta fidel izan nahi genuen gure momentuko sentimendu musikalei. Gure lan bakoitzak identitate ezberdinak ditu eta hurrengoak ere hala izango dira. Geldi egoteari beldurra diogu.

Kritika onak jaso dituzue eta Susperraldian dagoen artista sarirako izendatuak ere izan zineten, besteak beste. Horrek indar handia eman behar du, ezta?

Bai, noski. Arriskatu egin genuen eta jendeak hori baloratu zuen. Onespen horrek asko indartu gintuen.

Baina, sari hobeagoa, publikoaren erantzuna izango da, ezta?

Noski. Publikoa da egunero aurrera segitzeko indarra eta gogoa ematen dizkiguna. Kontzertutan sentitzen dugun berotasuna asko eskertzen dugu.

Festibalez festibal ibili zaretela aipatu dugu. Oraingoan, Orioko Gure Bazterrak festibalean egongo zarete. Bailamos por miedo bira amaituta duzue, hortaz, zer eskainiko duzue Orion?

Bira ofiziala amaitu den arren, beste kontzertu batzuk eskaintzen ari gara. Abesti berriak oraindik konposatzen ari gara. Hala ere, Bailamos por Miedoko abestiak birmoldatu egin ditugu, soinu berriekin.

Festibala jaio berria da, urte bete besterik ez du. Zer iruditzen zaizu horrelako ekimen baten aldeko apustua egitea?

Apustu bikaina iruditzen zaigu musika sustatzea Euskal Herrian. Guretzat mota horrelako festibal txikiak hoberenak dira, antolatzaileek ipintzen duten xarma asko eskertzen dute taldeek, baita publikoak ere.

Sarritan festibalak musika estilo bati lotzen dira. Oriokoan, ordea, denetik bilduko da: elektronika, rock, folk...

Gure taldeak hiru estilo hauek batzen ditu, edo hori saiatzen gara egiten. Aberasgarria iruditzen zaigu estilo bakar batean ez zentratzea.

Gogotsu zaudete, beraz.

Ohore bat da guretzat festibal honetan parte hartzea, eta, gainera etxean izateak asko motibatzen gaitu. Aspaldi ez dugula Euskal Herrian jotzen.

Udaran zuen ondorengo lana grabatzen egon zarete, Sucedió en Galapagar. Noiz eduki ahal izango dugu eskuartean?

Egia esan, udaran Estudios Nevada, Galapagar herrian egon ginen hurrengo lana konposatzen. Baina oraindik lan asko gelditzen zaigu. 2016 udara baino lehenago, abesti berriak kaleratu nahi ditugu. Hori bai, LPa zehatz mehatz noiz kaleratuko dugun ez dakigu...

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!