Gure Bazterrak

Aitor Etxebarria: "Jende askok ez daki oraindik non dagoen DJ baten eta musika elektronikoa konposatzen duen musikari baten arteko desberdintasuna"

Karkara 2015ko aza. 26a, 09:52
Argazkia: El_Txef_A

Aitor Etxebarria –Gernika, 1985– da El_Txef_A izen ospetsuaren atzean dagoen musikaria. Euskal Herriko musika elektronikoaren erreferente nagusia da bera, eta mundu osoan aritzen da jendea dantzan jartzen. Joan den asteburuan Kieven izan ostean, Oriora etorriko da larunbatean.

Txikitatik zaude musikarekin harremanetan, nola sartu zitzaizun musika elektronikoaren harra?

Txikitatik klasikoko bidea hartu nuen, euskal herrian jende askoren moduan, solfeoa eta pianoa ikasten. Gero lehenengo elektronika software eta hardwareak ikusi eta mundu berri bat ireki zitzaidan. Mundu irreal bat irudikatzea bezalakoa zen. Hau 15 edo 16 urte nituenean izan zen.

Bilbon bazen binilo denda bat, Cybertech izenekoa. Lehen alde zaharrean zegoen eta orain pisu pribatu batean. Alemaniatik batez ere, ambient eta elektronika oso garaikidea ekartzen zuten, hemen entzuten zen trancearen oso desberdina zen eta askoz interesgarriagoa egiten zitzaidan. Uste dut denda horrek asko eragin duela nire karreran.

DJa baino gehiago musikaria zarela diozu. Sortzailea zara.

Biak, esango nuke. Euskal Herrian asko gertatzen dena desinformazio infinitua dagoela. Musika elektronikoa konposatzen dugun askori ez digute musikari moduan tratatzen oraindik, ez prentsan ezta gizartean ere.

DJa ere banaiz eta apasionatu egiten nau, baina jende askok ez daki oraindik non dagoen DJ baten eta musika elektronikoa konposatzen duen musikari baten arteko desberdintasuna. Uste dut horren erru handia prentsa ezarena dela.

Gaur egun normaltzen doa gauza, prentsan gero eta gehiago ageri da musika elektronikoa edo tecknoa jorratzen dituzten musikariak. Baina, beste herrialde batzuekin alderatuta, 5-6 urteko atzerapena dugu, zoritxarrez. Ez kalitate aldetik, gizarte arloan baizik.

Nondik hasten zara abesti bat sortzen?

Ba askotan piano ideia batetik edo atmosfera harmoniko batetik, baina hain dira handiak posibilitateak gaur egun, edozein huskeriatik ere hasi ahal dela ideia bat. Baina normalean bide klasikoago batetik hasten naiz ideia nagusia sortzen.

Zein alde dago etxean sortzen duzunaren eta zuzenean pintxatzen duzunaren artean?

Egia da azken urteetan atera ditudan diskoak nahiko B aldeko popa izan direla; nahiko paisajistak baina beti techno influentzia gogor batekin. Gero, zuzenean pintxatzean, gogorragoa izaten ari naiz azken urte honetan, adibidez. Musika mental eta azidoa asko gustatzen zait.

Nazioartean aritu zara zure musikarekin. Oso desberdinak dira nazioartean eta Euskal Herrian teknoa entzun eta bizitzeko moduak?

Euskal Herrian beti egon da eszena aberatsa, baina oso undergrounda izan da beti. Instituzioetatik eta prentsatik ez da inoiz inolako keinurik egin. Azken urteetan zerbait aldatzen hasi dela esango nuke, baina oso gutxi. Badu bere xarma. Ni mugitzen naizen elektronika eszena, adibidez, oso alternatiboa denez, lehen punkak izan zuen usain errebelde horretatik badu zerbait.

Pasa den asteburuan Kieven egon nintzen jotzen eta Georgiako promotore bat ezagutu nuen, Tibilisikoa. Georgiako kultura ministroak deitu ziola kontatu zidan, eta laguntza eskaini nahi diotela musika elektronikoko hainbat eragileri. Berak deitu gabe ministroa kontaktuan jartzea hemen ezinezkoa izango zen, deituta ere ez zuten kasurik egingo.

Gero Chicago edo Berlineko mugimenduak barru barrutik ezagutu ondoren, hona bueltatu eta konturatzen zara zelako pena den hainbeste musikari interesgarri egotea inolako laguntzarik gabe, ezerezean geratzen direnak.

Betiko musika talde eta estiloak indar asko dute Euskal Herriko eszenan eta hori mugitzeko urte asko pasatu beharko dira, tamalez.

Hemen aurreiritzi asko egon dira beti elektronikaren inguruan

Bai, nahiko penagarria izan da hemengo egoera egia esan. Askotan, espainolek entzuten duten musika dela esan izan da. Gaur egun, zorionez, asko aldatu dira gauzak eta normaltasun batera heldu da. Drogekin ere asko erlazionatu izan da. Baina gauza positibo asko ere baditu eszena honek.

Esan daiteke aurreiritzi horiek utzi eta teknoaren kultura zabaltzen ari dela?

Noski. Espaina mailan agian gehiago, azkarrago heldu da. Radio 3, Sonar edo Red Bull Music Academy bezalako kontzeptuekin begirada kultuago baterantz joan da.

El_Txef_A band experience izeneko kontzertuak eman zenituen urte hasieran. Nola sortu zen proiektua?

Lehen disko luzea atera ondoren sortu zen, duela lau urte. Vienatik deitu zidaten zerbait berezia prestatzeko albuma aurkezteko hango Volks Theatren. Aurtengo apirilean disko berria aurkeztu dugu banda formatuan, Radio 3en eta Bilboko kafe antzokian.

Proiektua diskoetan kolaboratu duten musikariek osatzen dute. Niretzako oso positiboa eta pozgarria da lagunekin kontatzea diskoetan.

Gure bazterrak bezalako jaialdi batean desberdintasun puntua ematen diozu kartelari

Oso pozik nago Eñautek eta konpainiak deitu nindutelako. Kartela oso interesgarria egiten zait.

Ez dakit desberdintasun puntua ematen dioten edo ez baina egia da interesgarria iruditzen zaidala festibalaren kontzeptu osoa. Jaialdi edo txoko alternatiboekin asko konektatzen dut eta asko miresten dut bertan lan egiten duen jendea.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!