Gure Bazterrak

Ghost Number & His Tipsy Gypsies: "Entzuleen profila askoz eklektigoagoa eta irekiagoa da"

Karkara 2015ko aza. 27a, 10:13

Elena Arteagoitia –bibolina–, Jokin Zapa –gitarra–, Jon Ander Burgos –tronpeta–, Iñaki López –kontrabaxua–, Daniel Olano –perkusioa– eta 413 –banjo eta ahotsa– dira taldekideak. Larunbatean Donostiatik Oriora etorriko dira, bazter guztiak dantzan jartzeko asmotan.

2013an jaio zen Ghost Number & His Tipsy Gypsies. Zer nolako ibilbidea izan da bi urte hauetakoa?

Hasiera batean hiru besterik ez ginen. Iñakik tronboia jotzen zuen eta Jon Anderrek, berriz, tronpeta. Pixkanaka besteak azaltzen joan ziren. Elena izan zen hurrengoa, 2014ko apirila aldera eta ia segidan Olano etorri zen perkusioa jotzera. Jokin izan zen azkena taldea osatzen, uztaila aldera. Ordutik aurrera nahiko azkar joan zen dena zeren Davidek kantak eginak ekartzen zituen eta egin beharrekoa kantak aukeratzea eta taldera moldatzea zen besterik gabe. 2014ko urrian jo genuen gure lehen kontzertua; ordutik urtebete pasa da eta esan beharra dago oso pozik gaudela.

Ahoskatzeko, behintzat, izen konplikatua aukeratu zenuten. Zergati bat izango du, noski...

Ez pentsa, denentzako erraz gogoratzeko eta intuitiboa den izena aukeratu genuen. Lehenengotik gogora ekartzeko izena, alegia.

Ameriketako musika tradizionaletik edaten duzue, batez ere... Zein dira zuen influentziak?

Egia esan, momentu honetan ditugun kantei erreparatuta horrela badirudi ere, aurreko mende hasierako munduko edozein tokiko folk musika dugu erreferentzi bezala: calypso, swing, western swing, Europa ekialdeko musika… Adibideren bat jartzearren, Tiny Parham, Bob Wills, Atila the Hun, Caresser, King Radio eta gaur egunekoren bat adibidez CW Stoneking –berekin jotzeko aukera izan genuen bere azken biran–, The Dirt Daubers, A Hawk and a Hacksaw, Tom Waits…

Orion estilo oso ezberdineko artistak elkartuko zarete. Ausarta iruditzen zaizu adar ezberdinetako musikariek osatzea festibaleko kartela?

Dudarik gabe oso interesgarria izan daiteke. Gaur egun informaziora iristea errazagoa da, ondorioz, baita musikara ere. Beraz, entzuleen profila askoz eklektigoagoa eta irekiagoa da.

Entzuleen profilak imajinatzen hasita, aberasgarria bezain komikoa izan daiteke...

Bai, aurreko galderan esan bezala, gero eta festibal edo kartel gehiago dira bilatzen dutenak publiko irekiago bat. Adibidez, zuk ezagutzen duzun talde bat ikustera joateko aukera duzu festival batera eta bertan ezer ikustekorik duen talde edota estilo berri mordoa ezagutu ditzakezu. Gure kasuan, behintzat, gure ingurukoak ere esan daiteke, estiloak baino garrantzi gehiago du entzuten ari zaren horrek zer edo zer trasmititzea entzuterako garaian.

Sarritan jada ezagutzen ditugun eta gustatzen zaizkigun musika taldeen kontzertuetara joaten gara. Sorpresari geroz eta tarte txikiagoa uzten diogula uste al duzu?

Hori baino gehiago, eskaintza kulturala gero eta zabalagoa da eta denbora, aldiz, murritzagoa. Logikoa da lehenagotik ezagunak dituzun taldeak ikustera joatea lehenik eta ondoren, kuriositatea sorrarazten dizutenak. Idealena egunero kontzertuera joatea izango litzateke, baina hori ezinezkoa da (kar,kar,kar)

Zentzu horretan, zuentzat erakusleiho ona izango da festibala, ezta?

Bai noski, talde txiki bat gara eta ia jaio berria, beraz, hain ongi antolatuta dagoen festibal bateko parte izatea kontuan izanda jende kopuru handiari zuzenduta dagoela eta dagoeneko ibilbide bat duten taldeekin joko dugula, guretzako oso interesgarria den zerbait da.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!