Gure Bazterrak

Unai Azkarate: "Kalakari oso toki berezia da guretzat, bertan zuzeneko disko baterako abestiak grabatu genituen 2010ean"

Karkara 2015ko aza. 25a, 17:15

Erdi oriotarra da Unai Azkarate, Orion bizi izan baitzen bost urtez. Orain berriz ere Oriora etorriko da, baina oraingo honetan kontzertua eskaintzera. Kalakari tabernan izango da emanaldia, larunbatean, 18:00etan.

Orion bizi izan zinen eta berriz buelta egingo duzu Oriora, oraingoan, Gure Bazterrak egitasmoaren harira.

2007tik 2012ra bitartean bizi izan ginen Orion, 2010 inguruan –oker ez banabil– eraberritu zuten kosta tailerreko entsegu lokala eta han aritzen ginen entseatzen... Os oroitzapen onak dauzkagu Orion bizi izandako garaia.

Oriotarrek, gehienek, Unai Azkarate ezagutuko dute. Nor da Unai Azkarate eta nor Azkaiter Pelox?

Orion, esan daiteke, Azkaiter Pelox bakarlari moduan ibiltzetik taldean aritzera pasa zela. Talde dinamika sortu genuen garai haietan.

Batzuetan bakarka aritzen zara eta beste batzuetan konpainian...

Azkaiter Pelox trio formatuan ari gara kontzertuak ematen eta uda honetan 26 bat kontzertu eman ditugu, imajina ezazue gure erritmoa... Zarautz, Getarian eta Donostian aritu gara, baina Orion oraindik ez. Gure Bazterrak festibalak aukera eskaini zigunean ez genuen bi aldiz pentsatu.

Kalakarin izango da kontzertua. Pentsatzen dut askotan bisitatu izan duzun taberna dela...

Kalakari oso toki berezia da guretzat, bertan zuzeneko disko baterako abestiak grabatu genituen 2010ean, pentsa!

Ziurrenik oroitzapen ugariko eguna izango dela, beraz... Gogotsu zaude?

Aspaldiko lagunekin elkartzeko aitzakia paregabea eskainiko digu azaroaren 28rako Gure Bazterrak Festibalak. Eta gure emanaldia amaitu ondoren Bi bala eta Tipsy gipsys taldeen kontzertuak ikusteko irrikatan gaude. Ea Dena ondo irteten dan larunbatean eta Gure bazterrak Festibala urteroko zita musikala bilakatzen den.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!