Gure Bazterrak

I see whales: "Kontzertuk antolatzea plazera da, baina gehien gustatzen zaidana jotzea da "

Karkara 2015ko aza. 27a, 09:55

Oholtzaren atzean, lanean, arituko dira Eñaut Marti eta Sara Zozaya larunbat honetan. Biak dira Gure Bazterrak ekimeneko kideak. Baina, atzeko lanaz gain, oholtza gainera igo eta musika jotzeaz ere arduratuko dira. 14:00etan Tragoxkan eskainiko dute kontzertua.

I see whales. Euskaraz, baleak ikusi ditut. Izen hori duen komiki bat dago, hortik al dator izena?

Ez, zuek galdetu arte ez genuen komikiaren berririk.

Orduan, nondik dator izena? 

Bale arrantza eta momentu edo gau epiko horiek datorkigu gogora jotzean. Musika egiten gaudenean folk –ez da folk soila– epiko hori, irudi asko sortzen dituena eta naturarekin harreman asko duena datorkigu gogora. Gainera, ni –Eñaut– Oriokoa izanik... Baina, tira, besterik gabe, epikakin eta gure inguruarekin lotura zuen izena da.

Bi lagun zarete. Zer nolako kontzertuak eskaintzen dituzue?

Bai, Sara eta biok ibiltzen gara. Klasekideak gara, biak gabiltza proiektu honen atzean, eta elkarrekin kontzertuak ere eskaintzen ditugu. Aipatu bezala naturarekin eta gure sor lekuarekin lotura duen musika egiten dugu.

Oriokoa, pentsatzen dut berezia izango dela zuentzat. Bata herrikoa izateaz gain, Gure Bazterrak ekimeneko kideak zarete biak...

Kontzertuan, momentuan, ahaztu egiten zara guztiaz. Sarritan inon ez zaudenaren sentsazioa daukazu eta ez zara gogoratzen jaialdiaren antolakuntza ere zure esku dagoela. Egun batzuk lehenago bai, bai dauzkazula buruan jaialdia eta kontzertua. Baina momentuan ez.
 
Eta benetan esaten dizugu, serioski, guk jotzen dugu Gure Bazterrak diru iturri urria duena ekimena delako, eta edonoiz jo dezakegulako. Guk kalitatezko eskaintza egin baldin badezakegu, jendeari gustatzen zaiona eta Gure Bazterrak filosofiarekin bat egiten duena, zergatik ez? Aurrera. Azkenean, guri gehien gustatzen zaiguna jotzea da.

Iaz ere, zuk, Eñaut, aukera izan zenuen festibalean jotzeko. Taula gainean izan zinen Giranice taldearekin. Ezberdin ikusten al da festibala bi aldeetatik?

Niretzat Giranicekin kontzertu bat jotzea izugarrizko polita da. Asko disfrutatzen dut. Horregatik esaten dizut, askotan ohartzen naiz kontzertuk egiterakoan plazera dela ondo doala ikustea, funtzinatzen duela; baina, gehien gustatzen zaidana jotzea da. Berdin du zer, baina jotzea. Hortaz, edozein aukera ona da guk jotzeko. Eta iazkoa, lehen aldian Giranicekin jotzea, horrenbeste jenderen aurrean, ikaragarria da.
 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!