Prozeduren inguruko eztabaida udalbatzarrean

Karkara 2015ko aza. 26a, 16:45

Ekarpenak egiteko denbora gutxi ematen zaiela esan zuten Bilduk, Orainek eta PSEk azaroaren 24ko bilkuran

Azaroaren 24ko ohiko udalbatzarrean udal gobernuak jarraitzen dituen prozedurak izan ziren gai nagusi. Zenbait kreditu aldaketa onartu zituzten lehen hiru puntuetan, gehiengo absolutuarekin, EAJ eta PSEren aldeko botoekin eta Bildu eta Orainen abstentzioarekin.

Amaia Dorronsorok bere taldearen abstentzioaren arrazoia gaiak lantzeko denbora falta zela esan zuen: ez dugu denborarik izan proposamenak aztertzeko eta dagokion batzordeetan lantzeko, aurreko plenoan ere gauza bera eskatu genuen. Alkatearen deialdi guztiak legeak agintzen duen epearen barruan egin direla erantzun zion.

Orain ere ados agertu zen Bildurekin udalbatzarraren amaieran. Berak udalean lanerako daudela esan zuen Urangak, eta informazioa garaiz iristea eskatzen zuen elkarlanean aritzeko, eta ez oposizioan. Guk parte hartu nahi dugu, Orio ez da EAJ, ez da Bildu, ez da Orain eta ez da PSE. Orio denen batura da.

Ana Priedek ere alderdi kontua ez zela esan zuen: ni kanpotik nator, berria naiz, eta iruditzen zait beste alderdiek atzetik karga bat baduzuela, lehendik izandako liskarretatik datorrena. Karga horiek atzean uzteko garaia dela eta Orain eta Bildurekin ados zegoela esan zuen, informazioa denbora justuarekin iristen dela askotan.

Laugarren puntuan Trafikoko Buruzagitza Nagusiarekin eta Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailarekin lankidetza hitzarmena sinatzea erabaki zuten. Hitzarmen horretan bide segurtasunaren arloko informazioa trukatzea eta datu baseetan sartzea lantzen da. EAJ eta PSEren aldeko 7 botoekin eta Bildu eta Orainen 6 abstentzioekin onartu zen gai hori ere.

Azkenik Amaia Dorronsororen kargu-uztea landu zuten. Azaroaren 4ean aurkeztu zuen Dorronsorok karguari uko egiten diola adierazten zuen idatzia. EH Bilduk ordezkoa zerrendako hurrengo hautagaia izatea proposatu zuen: Bixente Lasa. Aho batez onartu zen udalbatzarreko azken puntua.

 

Erlazionatuak

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!