Asier Gozategi: "Gozategi jaiarekin lotzen den arren, 25 urte betetzeko bidegurutze askotan egon gara"

Karkara 2016ko mar. 18a, 08:45

Hogeita bost urteko ibilbidea egitear da Gozategik. Urteurrena ospakizun bilakatu gabe, mende erdiak hamaika istorioetarako ematen du eta horiek  taularatuko dituzte. Guk jakitea nahi dutena besterik ez dute jakiten zaleek. Eta, oraingoan, zaleen aurrean biluztu egingo dira Iñigo eta Asier. Lehendabizikoz ostiral honetan, 22:30ean, Orioko kultur etxean. 

Iñigo eta biok arituko zarete gaur, ostiralarekin. Kontakizun intimoa zuzeneko musikarekin...

Ez da kontzertu bat, ez da hitzaldi edo bakarrizketa bat... Uste dut hitz horiek egokiak direla egingo duguna azaltzeko. Sei kanta joko ditugu guztira, tartekatuta; eta umoretik abiatu arren, gauza sakonetara joko dugu eta sentimenduak puri-purian daudela bukatuko dugu. Hori izugarria da.

25. urteurrenaren harira sortutako emanaldia al da?

Urteurrenari ez diogu garrantzia berezia eman nahi, oraindik behintzat. Ondo dago hori azpimarratzea ez bazaude indarrarekin edo ez bazaude disko baten atarian. Orduan, akaso, 25 urte horiei ematen diezu garrantzia. Egia da urte mordoa direla, baina guri azkenengo urte hauetan plazak esan digunari erantzun nahi izan diogu.

Plazak eskatu dizue horrelako emanaldi bat egitea?

Plazak adierazi digu hau. Iñigori esan nion ez ginela inor baino listoagoak, baina ezta tontoagoak ere, eta ezin genuela aukera hau pasatzen utzi. 

Gogoan dut bakalaoa etorri zenean erromeri taldeek momentu zailak igaro genituela, Akelarreren desegitea, adibidez. Iritsi zen momentu bat gazteentzat erromeriak ez zirela guay. Azken urteetan, ordea, indartu egin direla ikusi dugu. Guk plazari ematen diogu garrantzia, plazan sortzen baita herria: plazak indarra badu, herria indartsu dago.

Plazei eta kalejirei ematen diegu garrantzia. Garai batean kalejira jotzeak ez zuen interesik. Baina kalejirak euskaldunonak dira. Etxetik ateratzen zara pentsatzen ez duzula dantzarik egingo, eta, oharkabean, kalejira batean dantzan zabiltza. Inoiz pentsatuko ez zenuen bi pertsonekin egon zaitezke dantzan, elkarri eskutik eutsita.

Orduan, esan daiteke zuen musikak funtzio soziala ere izan duela? 

Hori da. Guk horri izugarrizko garrantzia ematen diogu. Ostiraleko emanaldian, esaten ditugun gauzetan, gai hau hainbatetan islatzen da.

92an hasi zinetenetik, Gozategik hainbat plazatan festa jartzeaz gain momentu txarrak ere pasako zituen, ezta?

Lehen diskoa 95ean kaleratu genuen. 2000an azkena. 2001ean eseri ginen lehen aldiz eta atzera begiratu genuen. Orduan, arreba eta Iñigo ezkondu egin ziren eta haurrak munduratzen hasi ziren. Pittin bat aldendu egin ziren taldetik. Nik segi egin nuen. 2006an beste diko bat egin arte bost urte igaro ziren, ez genuen zuzenekoak egiteari utzi, baina indar guztiak ez genituen musikan jartzen. Dena ez da musika.

Iñigok bigarren umea izan eta hiru egunera, emaztea hil egin zen. Ospitalean. Erditu eta gero. Honekin esan nahi dut momentu oso gogorrak daudela eta Gozategi denek jaiarekin eta alaitasunarekin lotzen duten arren, 25 urte betetzeko bidegurutze askotan egon behar dela. Momentu gogor ugari pasa behar dira eta erabaki zailak hartu behar dira zerbaitek irauteko.

Horrelako une gogorretan elkarrekin egoteak batu egingo zaituzte...

Batu egiten zaitu eta pertsona moduan aberastu egiten zaitu. Nik nire arrebarekin eta Iñigorekin ikasi dut errespetua zer den. Niri nahi duzuna esan diezaidakezu, baina nire taldearekin... kontuz. Gozategi nire abizena da, baina Gozategi nire taldea da. Eta apartekoa balitz bezala tratatzen dut. Kontzienteki ekarri dugu honaino, asko kostatu zaigu.

Gora-beherak daude, momentu on eta txarrak, baina guk argi izan dugu zer nahi genuen eta ez ibilbide horretatik atera. Eta, ohartzerako, 25 urte pasa dira. Lehen diskoa argitaratzean fama duzue, diskoa atera duzue... zer gehiago nahiko zenuke? galdetu zidaten, eta erantzun nien: hemendik 15 urtera –ehun urte izango balira bezala– Gozategi taldeak jarraitzea. Eta begira, 25 pasa dira.

Zale asko dauzkazue, baina kritikak ere jaso dituzue. Kritika horiek barneratzea eta kudeatzea zaila izango da...

Momentu hartan, hastapenetan, bai. Euskal musikaren ekoizlea nintzen, euskal musika asko kontsumitzen nuen. Asko gozatzen nuen. Eta zu ezagun egitean, ohartzen zara ehun gauza on entzunda ere, bat txikia entzunez gero, garrantzia horri ematen diozula. 

Norbait publiko egiten denean, gauza txar horiek entzuten ikasi egin behar du, baina, era berean, argi eduki behar du nora joan nahi duen. 

Kritikak kritika, zaleak ugari dauzkazue...

Hasieratik izan dugu zorte hori. Anjel Elkarrekoak lehen diskoa atera genuen esan zigun mahai baten inguruan bildu daitezkeela hiru-lau belaunaldi eta guztiek Gozategi entzun dezaketela. Hau da, bakoitzak bere musika entzungo duela, baina Gozategi guztien gustukoa izan daitekeela. Hori plazan ere nabaritzen dugu eta izugarrizkoa da.

Zale horiek mimatzeko modu bat da, musikaz harago, urte horietan bizitakoa kontatzea?

Zaleek ez dakite gure %10a ere. Gure musikaren inguruan bai, asko dakite. Baina guk jakitea nahi dutena besterik ez dute jakiten zaleek. Iñigo eta biok ezagutu ginenetik hona, abestiekin eta musikarekin ibilbide bat egin dugu, baina ibilbide horren paraleloan gure bizitza pertsonala eta gizartea daude. Eta hiru esparru horien inguruan jardungo dugu emanaldian, unean-unean zerk izan duen garrantzia kontatuko dugu: zein kantuk, gure bizitzan zer gauza garrantzitsu gertatu diren...

Gauza garrantzitsu horiek momentuko musikan islatuko ziren, gainera...

Hori da. Eta orain hasten bazara gure diskoak entzuten, ikusiko duzu katxondeoaz gain gu busti egin garela. Errespetu guztiarekin, inor mintzeko gogorik gabe, baina letrek esanahia dute; gure letrak aldarrikapenak dira. Eta, gainera, funtzionatu egin dute esparru guztitan; ez soilik belaunaldi guztietan, baita estilo ezberdinetan ere.

Muxutxue euskal musikak tokia ez zuen espazioetara ere iritsi zen. 40 principalesen entzun zen. Pub eta diskoteketan ere entzuten zen, lehenago euskal musika batere entzuten ez zenean.

Triki doinuak plazetan eta auzoetan entzuten ziren zuen hastapenetan. Zuek tabernetara ere eraman zenuten...

Hori da. Trikibooma ere egon zen geroago: Maixa eta Ixiar, Etzakit... Baina horiek guztiek utzi egin zuten edo beste proiektu batzuetan sartu ziren.

Eta zuei zerk eman dizue indarra jarraitzeko?

Egiten duguna gustatu egiten zitzaigun eta gustatu egiten zaigu. Asko gozatzen dugu egiten duguna egiten, oraindik ere ilusio bizi-bizia daukagu. 

Atzo gertukoenei kontatu zenizkioten istorio horiek guztiak. Zelan joan zen?

Ikaragarria izan zen. Oraindik lurreratu gabe gaude. Gure gertukoekin egin genuen emanaldia, urte hauetan guztietan gure alboan egon den jendearekin. Saioa, berez, ofiziala edo publikoa, gaur egingo dugu. Herenegun, ordea, gaur baino urduriago geunden. Hasieran lasai sentitzen ginen, baina guk ere sentimenduak dauzkagu eta gu ere hunkitu eta urduritu egin ginen.

Oso-oso gustura gaude asteazkeneko emanaldiarekin. Gainera, ohituta gaude erromeri bat amaitzean jendeak ze ondo, ze alaia eta horrelakoak esatera. Atzo, ordea, barre egin dut, harridura sortu dit, pentsarazi egin dit, malko batzuk ere erori zaizkit esaten ziguten. Sentimenduak, finean.

Musika ez da objektu bat. Ezin da ukitu edo usaindu; musika sentimenduak dira, bihotza ukitu behar dizu. Plazan alaitasunarekin, baina beste esperru batzuetan ez; ondo zaudenean lagungarria izan daitekeen bezala, gaizki zaudenean ere lagungarria izan daiteke. Musikak sentimenduak dira eta guk sentimenduetatik egiten dugu musika. Zuk sortzean ez baduzu sentitzen, nola sentiaraziko diozu besteari? Eta, horrez gain, nahiz eta zuk sortzean sentitu, jakin egin behar duzu hori adierazten besteari sentiarazteko.

Ostiralean egingo duzue lehen emanaldi irekia, herrian bertan. Asteazkenekoa ondo joan izanak lasaitasuna ematen dizue gaurko? 

Bai. Gainera, gertuko jendea kritiko izatea nahi genuen, hori eskatu genien askori. Gauza onak entzun ditugu, asko; baina kritika konstruktiboak dira benetan gorde ditugunak, aurrera begira hobetzeko. Proiektu honetan ere hori kontuan izan dugu, ez dela zerbait estankoa eta finkoa izango. Moldatzen joango gara momentuko beharren arabera. 

Guk nahi duguna zera da, jendea emanaldia ikustera etortzean, zerrekin topatuko den pentsatzen jartzerako ordu eta erdiko emanaldia bukatuta egotea. 

Hemendik aurrera, zer?

Hau gehigarri bat da. Guk Gozategirekin berdin-berdin jarraitzen dugu, baina hau egiteko gogoa daukatu eta egin egin dugu. Niri gustatzen zaizkidan taldeak nire aurrean horrela biluztea gustatuko litzaidake. Guk hori egingo dugu.

Orion izateak ilusio berezia egiten dizu?

Izugarria. Beti. Orion kontzertu bat ematea niretzat dagoen gauzarik handiena da. Ez San Ferminetan, ez Saguesen, ez Bilboko Aste Nagusian... Orion bereziagoa da eta are gehiago horrelako emanaldi intimoa izanda.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!