Bizirauten, boluntario sarearen laguntzari esker

Karkara 2016ko mai. 2a, 10:51

Esperientziaren Eskola bizirauten ari da, hala moduz. Ekonomikoki ez dago egoera oso onean, baina bolutario sareari esker aurtengo ikasturtea egitea lortu dute. Hurrengo ikasturtea kolokan dago. 

Esperientzia Eskolaren etorkizuna ezbaian dago. Ekonomikoki ez dute apenas sostengurik eta egoera horretan bizirautea ezinezkoa litzake boluntario sarerik gabe. Musutruk laguntza eman dieten horiei eskerrak eman nahi izan dizkiete eskolako kideek. Oso eskertuak gaude, berengatik ez balitz ez ginateke honaino iritsiko, aitortu du taldeko zaharrenak.

Boluntario sare horren parte dira Zaraguetako Herri Eskola eta Orio Herri Ikastola. Berean ateak zabaldu dizkigute beti, aipatu du taldekide batek. Haurrekin ere ezagutza partekatu dugu. Taloak egiten erakutsi diete haurrek, josten... Eta berak teknologia berriak erabiltzen erakutsi diete. Denok daukagu zer irakatsi eta zer ikasi. Eta hori egiten dugu, bakoitzak dakiena erakutsi. Oso esperientzia polita izaten da, dio taldekide batek.

Boluntario gisa eskolak ematera joaten direnek ere Esperientzia Eskola bizi mantentzen laguntzen dutela diote. Ikaragarria da beren lana, azpimarratu dute eta gaineratu dute: astero-astero etortzen dira, bakoitza aditua den gai horren inguruko eskolak ematera. Oso interesgarria izaten da. Interesaren arabera aditu bat edo beste ekarri nahi izaten dute. Baina, horretarako, dirua behar izaten da. Eta, diru faltan daudenez, boluntario aurkezten diren  horien bisitarekin konformatzen dira. Ez gara kexatzen datozenengatik, inolaz ere ez. Gustura egiten diegu harrera

Harrera ona egingo diete bai, irakasle askok errepikatzeko gogoa izaten dute eta. Irakasle askok deitu egiten digute, ea berriz noiz etorriko diren galdezka, gure falta sumatzen dutela-eta, kontatu dute. Guk ere beren hutsunea sentitzen dugu, noski. 

Orain Elisa Manterola ere boluntario aurkeztu da eta astean behin joaten da berengana. Irakurketa eskolak egiten dituzte Manterolarekin.  Iñaki Sarasua ere etortzen da eskolak ematera eta zaraguetako irakasle bat ere musikak irakasteko eskaini da. Oso eskertuak gaude. Oso denbora atsegina igarotzen dugu berekin.

Irabazi asmorik gabe lan eta lan aritzen den Aitziber Indarti eman nahi dizkiote eskerrik beroenak. Zoragarria da, diote aho batez. Bera da honen guztiaren motorra. Asko zor diogu Aitziberri, galdera ikur asko egonagatik, uneoro proiektuaren alde egin baitu, aitortzen dute. Esker hitzak besterik ez dituzte proiektuaren gidariarentzat. Bera da proiektu honen erregaia.

Haurrak zaindu behar dira, noski; baina baita helduak ere. Guri ere oso ondo datorkigu hona etortzea. Asko ikasten dugu, alor askoren inguruan, baina bereziki emozioak kudeatzen laguntzen digu honek, aitortu dute guztiek. Hara joateak bizirik mantentzen ditu. Eta, ondorioz, Eskolak bizirik jarraitzea espero dute.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!