Marivi Tarantino: "Gauza asko erakusten ditu kirolak, baloreetan hezten zaitu"

Karkara 2016ko mai. 2a, 15:11

Erreferentziazko emakumeak izan zirelako omendu dituzte Realak eta DSS16-k. Aitortza hori Ahotsak izeneko erakusketa baten bidez egin diote Marivi Tarantino atleta ohiari. Bizitakoak gogoratzeko balio izan dio, gogoeta egiteko.

Gogoetari helduz, nola oroitzen dituzu garai haiek?

Orduan apenas zegoen garraio publikorik. Proba eguerdian izan arren 9:00etako autobusa hartu behar izaten genuen. Aitak ere eramaten gintuen, baina salbuespenak ziren egun horiek. Eskolara joateko ere horrela ibiltzen ginen. 6:30ean jaikitzen ginen, elizako matutiarekin.

Entrenatzeko komeriak izaten zenituzten orduan.

Aste tartean ezin genuen entrenatu, eskolatik 18:30ean iristen baikinen eta ez baikenuen astirik Donostiara joateko.

Atletismoak ere aldaketa nabarmenak eman ditu ordutik...

1963an hasi ginen atletismoan, orduan egin zen Gipuzkoako lehen txapelketa. Gerra baino lehen zerbait egiten zen, baina gutxi. Gerra ondoren debekatua egon zen, ez zelako kirol femeninoa kontsideratzen.

Zu ere urte horretan hasi zinen?

Txapelketa nazionala zegoen Bartzelonan, udan. Emakumeek, txapelketara joan ahal izateko, 4 metroko muga pasa behar zuten luzera jauzian. Lagun batzuei anaiak esan zien neskak egon bazeudela, baina inor ez zela kapaza hori egiteko. Eskolan badago bat egiten duena, erantzun zien. Anaiak ez zien sinesten. 

Eta hori zu zinen. 

Bai. Hirurok hondartzara joan ginen asteazken batean eta hondar tartean salto egin nuen. Pasa egin nuenez larunbatean Anoetara joan ginen, proba egitera. 13 urte nituen. Kupituta nengoen. Gogoan dut 100 metroko proba eta luzera jauzia egin nituela. 4,15 metro saltatu nituen. Hortaz, muga pasa nuenez, Bartzelonara joan nintzen eta Realak fitxatu ninduen. Dena batera izan zen.

Jendeak Reala futbolarekin lotzen du. Orduan ere horrela al zen?

Jendeak hori uste zuen, futbola bakarrik zela. Baina Realak beste esparru askotan ere izan ditu taldeak eta kirolariak. Nesketan, adibidez, duela gutxi arte Realak ez zuen talderik. Gu izan ginen aurrenetarikoak. 

Udan izaten ziren orduan lehiaketak, ezta? 

Gu hasi ginenean ez zegoen pista estalirik. Lehendabizikoz 1967an lehiatu nintzen pista estalian, Madrilen, Espainiako Txapelketan. 

Eta baliabideak, nolakoak ziren?

Lehen salto hura zapatila arruntekin egin nuen. Geroago iltzeak zituztenak erabili nituen. Lurra ere asko aldatu zen: hasieran errautsa zen, gero gomazkoa eta azkenik tartanezkoa.

Aldatu ez dena sakrifizioa izango zen... 

Diziplina, esfortzua, sakrifizioa, bizikidetza... gauza asko erakusten ditu kirolak, baloreetan hezten zaitu. 

Dena den, kendu baino gehiago eman egingo zizun atletismoak...

Oso ondo pasatzen nuen, asko disfrutatu nuen. Asko.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!