Beste bi marka ondu ditu Etxeberriak

Karkara 2016ko mai. 2a, 09:15

XIX. Gazta Egunaren bezperan jokatu zen herri kirol jardunaldia. Joseba Ostolazaren eskolako Idoia Etxeberriak bi errekor lortu ditu eta Eizmendik marka pertsonala ezarri du.

Orioko plazan 113 kiloko harri kubikoa hirutan jaso zuen San Nikolas jaien bezperan Etxeberriak. Errekor hori egitean, aurreratu zigun marka berriak ezartzen ahaleginduko zela eta publikoak eskatzen zuen ikusgarritasuna ematen. 

Eta, ordutik, horretan dabil oriotarra. Errekorrak egin eta egin ari da, erakustaldiz erakustaldi markak ontzen. Azkena, asteburuan, Idiazabalen. 162 kiloko harria bi eskuekin jaso zuen, hiru minutuko txandan. Etxean hankak lurrean sendo izatea lortzen duen arren, oraingoan hankak mugitzen zitzaizkiola sentitu zuen Etxeberriak. Hala ere, pisu hori jasotzea lortu zuen, eta marka ondu zen.

Gero, 118 kilokoa jaso du, esku bakarrarekin. Lehendabizikoan ez du lortu jasoaldia egitea, beste eskuarekin ukitu baitu harria. Baina Etxeberria ziur sentitzen zen, eta bazekien kontzentratuz gero jasotzea lortuko zuela. Hala izan zen. Ondoren lortu zuen hiru minutuko txandaren barruan harria bi aldiz jasotzea. 

Etxeberriak ez ezik, Eizmendik ere lortu du jarritako helburua. Marka pertsonal berria egin du, 251 kilokoa berdinduta.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!