Trainerillen Ligako lehen paladak

Karkara 2016ko mai. 3a, 07:53

Asteburuan Trainerillen Ligako lehen bi estropadak jokatu ziren. Orioko bi ontzi aurkeztu zituen, bata gizonezkoetan eta bestea emakumezkoetan. Neskek bigarren egin zuten, mutilek zazpigarren.

Larunbatean hasi zen Trainerillen Liga, Loiolan. Oriok bi ontzi aurkeztu zituen, emakumezkoetan eta gizonezkoetan. Nesken ontzia bigarren helmugaratu zen, San Juanen atzetik. Lehen ziabogara laugarren iritsi ziren oriotarrak. Aurretik zituzten San Juan, Getaria A eta Donostia.  Azken luzean, ordea, aurrea hartu zieten getariarrei eta donostiarrei. 15:42:20 denbora behar izan zuten pasaiarrek ibilbidea egiteko. Oriok 5 segundo eta 91 zentesima gehiago behar izan zituen. 

Gizonezkoetan zazpigarren izan ziren oriotarrak. Lehen sailkatua Hondarribia izan zen, eta irabazlearengandik minutu eta 12 segundora helmugaratu zen Orioko ontzia. Oriotarrak azkenak izan ziren, parte hartu zuten zortzi ontzietako bat kanporatua izan zen. 

Igandean bigarren eta bosgarren

Igandean Zarautzen izan zen bigarren jardunaldia. Orioko neskek, berriz, bigarren egin zuten. Hiru ziabogako estropada izan zen igandekoa. Lehen estropadara hirugarren postuan iritsi ziren, San Juanen eta Hibaikaren atzetik. Bigarren ziabogarako aurrea hartu zieten Hibaikari eta bigarren postuan iritsi ziren. Eta, hirugarren eta azken ziabogara, bigarren iritsi ziren, estropada burutik hamaika segundora. Azken luzean oriotarrek distantziak laburtu zituzten. 2 segundo eta 15 zentesimara sailkatu ziren oriotarrak.

Gizonezkoetan sei ontzik hartu zuten parte estropadan. Orioko mutilak bosgarren postuan sailkatu ziren. Txapelduna San Juan izan zen. 15:49:31 denbora behar izan zuten estropada irabazteko. Oriotarrak 2 minutu eta 12 segundora iritsi ziren.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!