Denboraldiko azken arnasa falta zaie

Karkara 2016ko mai. 4a, 11:23

11-20 galdu zuten oriotarrek Aloña Mendi taldearen kontra. Karela itxita zegoenez Zarautzen jokatu zuten partidua, Antonianoetan. Asteburuan ligako azken partidua jokatuko dute.

Igandean jokatu zuen partidua Orioko Herri Ikastolako eskubaloi taldeak. Antonianoetan jokatu zuten, Zarautzen, Karela itxita baitzegoen. Sailkapenean hirugarren doan taldea da Aloña Mendi. Talde indartsua da, beraz. 

Oriotarrek, beste behin, defentsan lan txukuna egin zuten. Lan ona egin genuen, baina irregularrak izan ginen. Kontzentrazio akats batzuk izan genituen, azaldu du Garikoitz Garagarzak. Eta, aurretik azaldu izan duen bezala, ligaren bigarren aro honetan akats txikiak ondo ordaintzen dira. 

Erasoan, oso zaila egin zitzaien oñatiarren defentsa itxiari aurre egitea. Asko kosta zitzaigun, azaltzen du. Jaurtiketak egieta lortu zuten, baina asko kosta zitzaien jaurtiketak egitea. Gainera, oñatiarren atezainak oso partidu ona jokatu zuen eta gol izan zitezkeen jaurtiketa asko gelditu zituen. 

Atsedenaldira 5-12 emaitzarekin iritsi ziren oriotarrak. Markagailuan atzetik. Bigarren zati hasieran taldeak beste alaitasun bat erakutsi zuen, eta bigarren zatia berdinduta joan bazen ere hasierako minutuetan, ez genuen lortu markagailuan tartea murriztea, azaldu du Garagarzak. 11-20 emaitzarekin bukatu zen partidua.

Taldearen esfortzua eta lana azpimarratu ditu entrenatzaileak. Arerio indartsuaren aurka itxura ona eman zutela gaineratu du. Asteburuan denboraldiko azkenengo norgehiagoka jokatuko dute oriotarrek, Elgoibarren, lider den Cometel taldearen kontra.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!