Gure Bazterrak

Gure Bazterrak jaialdia ez da Orion egingo

Karkara 2016ko uzt. 21a, 16:42

Tokiz aldatu dute Gure Bazterrak festibala. Aurten ez da Orion izango. Ez da hori iragarri duten aldaketa bakarra. Datak ere aldatu egin dira. Azaroan egin ordez urriaren 15ean egingo da. 

Bi urtez jarraian Orion antolatu da Gure Bazterrak musika jaialdia. Lehen edizioa 2014an egin zen, azaroak 29 zituenean. Estreinako jaialdian Mobydick, Skasti, Giranice, John Berkhout eta Grises igo ziren oholtzara. 

Iazkoa azaroaren 28an egin zen eta talde hauek osatu zuten festibaleko kartela: Bi bala, Ghost Number & His Tipsy Gipsies, Joseba B Leinor Gang, Joe la Reina eta El_Txef_A.  Kontzertu horien aurretik, motorrak berotzeko, tamainu txikiko emanaldiak izan ziren Orioko hainbat tokitan. I see whales taldeak Tragoxka tabernaren kanpoaldean eskaini zuen kontzertua, Aguxtin Alkhatek Salatxon eta Azkaiter Pelox Triok Kalakarin. 

Aurten, ordea, ez da Orion egingo Gure Bazterrak jaialdia. Antolatzaileek ez dute esan musika festibala non kokatuko den, baina aurreratu dute urriaren 15ean izango dela. 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!