Andoni Fernandez, olatu handien arrantzan

Karkara 2016ko uzt. 27a, 12:05

Euskal Balearen Ehiza dokumentalean hartu du parte Andoni Fernandez Ostolazak, olatu handien surflariak. Izan ere, filma ez da balearen arrantzaren ingurukoa, olatu handien ehiztarien ingurukoa baizik.

Jon Goikoetxeak –Gasteiz, 1983–, Oier Bartolome surflariak –Deba, 1981– eta Asier Altuna Txokitok –Arrasate, 1981– osatzen duten Bideolan ekoiztetxeak egin du Euskal Balearen Ehiza dokumentala. 2015. eta 2016. urteen arteko neguan olatu handiak filmatzen egon da hirukotea. Filmatutako irudien protagonistetako bat Andoni Fernandez Ostolaza izan da. 

Olatu handiak surfeatzen harrapatu zaituzte dokumentalean...

Andoni Fernandez: Olatu handien inguruko dokumentala egin nahi zuten, underground estiloan. Ez zuten jende ezagunarekin grabatu nahi, baizik eta amateurrekin, pasioz gabiltzanekin. Hemengo surflariekin grabatzeaz gain, hemengo olatuekin grabatu nahi zuten. Euskaldunekin, Euskal Herrian.

Lehengo bale arrantza eta oraingo olatu handien ehiza uztartzen ditu filmak, metafora modukoa da. Benito Lertxundiren abestia erabiltzen dute dokumentalean; beraz, uste dut oriotarrei gustatuko zaiela. Iraupenez, ez da luzea, 15 minutu inguru irauten du.

Nolatan jaso zenuen filmean parte hartzeko proposamena?

Fernandez: Olatu handietan gabiltzanok ez gara gehiagi. Denak ezagutzen dugu elkar. Oier Bartolomek ideia esan zidan eta laguntzeko prest nengoela esan nion. Guztira bost-sei lagun elkartu ginen, guztiak ezagunak, uretan beti berberak ibiltzen gara eta.

Harremana daukagu. Uretara sartu aurretik, bezperatan, elkarrekin hitz egiten dugu nora joan erabakitzeko. Eguraldiaren aurreikuspenak begiratzen ditugu, ea itsasoaren baldintzak zeintzuk izango diren, eta horren arabera erabakitzen dugu non surfeatuko dugun. Baldintza zailak izaten dira eta hori arriskutsua denez, hobe da taldean joatea. 

Olatuak badaude, beraz, eguna horren baitan antolatzen duzue...

Fernandez: Internetari esker, zorionez, astebete lehenago badakigu ekaitza etorriko dela. Irratian entzuten duzuen alerta naranja hori da guk surfean egiteko aprobetxatzen duguna. Eta, ekaitza noiz izango den dakigunean, guztia horren baitan antolatzen dugu. 

Zein hondartzatan egin dituzue grabaketak?

Fernandez: Sopelan hasi genituen grabaketak. Sopela, Zumaiako bi olatutan, Deban eta Amuitzan grabatu genuen. Amuitz mugan dagoen olatua da, Iger faroaren azpian dagoen olatu berria da. Orain dela gutxi hasi ginen han surf egiten. Urtean hiru edo lau aldiz ateratzen da han olatua, izan ere, gutxienez, lau metroko olatuak egotea ezinbestekoa da. Itsasaldi handia behar du. 

Zergatik?

Fernandez: Olatuak Iger faroaren ondoan dagoen islan hausten dira. Toki horretan 5 edo 6 metroko sakontasuna du itsasoak. Olatu normalak lehertzea, beraz, zaila da. Uhin modukoak dira, ez olatuak. Itsaso handia dagoenean sortzen dira bakarrik olatu handiak.

Noiz hasi zenituzten grabaketak?

Oier Bartolome: 2015ean. Lehen itsasaldiak azaroaren 30ean grabatu genituen. 

Eta azkenak?

Bartolome: 2016ko otsailean, Amuitzen. 

Surfeko irudiez gain, elkarrizketak ere grabatu zenituzten...

Bartolome: Elkarrizketak maiatzean egin genituen. Edizio lanak egiten ere aritu ginen, ekainerako guztia prest izateko. Festibaletara lanak aurkezteko epea orduan zabaltzen da eta horregatik eduki nahi genuen ordurako prest.

Eta, oraingoz, bi festibaletan aurkeztu duzue lana...

Bartolome: Bai, Donostiako eta Bartzelonako Surf film festival jaialdian erakutsi ahal izan dugu dokumentala. Deban ere proiektatuko dugu eta Orion erakustea ere itzela izango litzateke. 

Fernandez: Guk tarteka ikusten genituen lehorretik grabatzen, kamerekin zebiltzala; baina, zehazki ez genekien noiz grabatzen zuten eta noiz ez. 

Eta emaitza gustatu zaizu? 

Fernandez: Aurretik aipatu bezala, oriotarrei gustatuko zaiela iruditzen zait, besteak beste Oriori egiten diolako erreferentzia.

Surfean aritzen garenontzat desberdina da. Normalean surfaren inguruko bideoetan batetik elkarrizketak daude eta bestetik surfisten irudiak. Ez dira biak une berean ikusten. Hau da, lehendabizi elkarrizketa ikusten dugu eta gero surfeko irudiak. Honela, arreta bi gauzetan jarri dezakegu eta ez gara distraitzen.

Dokumental honetan, ordea, elkarrizketak eta surfeko irudiak uztartzen dira. Eta, batzuetan, elkarrizketatuaren hitzen gainean surfistak ikusten dira. Guretzat, surfistentzat, hori desberdina den arren, surfean aritzen ez zaretenoi gustatuko zaizuela uste dut, zuentzat ez dela arraroa-edo izango. 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!