Arrauna: 2016-2017

Sailkapen orokorrean aldaketarik ez

Karkara 2016ko uzt. 25a, 14:37

San Miguel Ligako bi estropada jokatu dituzte asteburuan. Larunbatean zazpigarren egin zuten oriotarrek eta igandean seigarren. 

Galizian izan dira asteburuan arraunlariak. Larunbatean Moañako uretan egin zuten arraun, XXXIV. Bandeira Concello de Moaña izango da jokoan. Kronometroa 20:12:71 denboran geldituta, Bou Bizkaia ontzia izan zen azkarrena. Denboraldiko lehen bandera lortu zuen Udaibaiek. Kaiku izan zen bigarren sailkatua eta Tiran hirugarrena; Hondarribia sailkatu zen laugarren, 16 segundora, eta Oriok zazpigarren egin zuen.

Urko Redondo Ama Guadalupe ontziko arraunlariak esan zuenez, estropadaren azken zatian galdutako zituzten segundu gehien. Galdutako puntu horiek pena direla gaineratu zuen oriotarrak.

Igandean Coruña probintziako Boiron egin zuten arraun. XXVI. Bandera Concello de Boiro izan zen jokoan. Larunbatean bezala, igandean ere Urdaibaiek irabazi zuen estropada 20:03:38 denborarekin. Hamabi segundora sailkatu zen Hondarribia, bizkaitarren atzetik. Redondoren esanetan igandekoa ere estropada gogorra izan zen, denbora tarte txikian hainbat talde sailkatu baitziren.

Bigarren txandako buru izan zen hasieratik Orion, baina, azken metroetan, Astillerok aurrea hartu zion. Kantabriarrak laugarren izan ziren, Kaikuren atzetik, eta oriotarrak seigarren.

Asteburu gazi-gozoa izan da oriotarrentzat, baina asteburu biribila Urdaibaikoentzat. Jon Salsamendi entrenatzaileak azaldu zuenez Urdaibai oso talde sentibera da, baina azkar ahazten dituzte nola porrotak, hala garaipenak. Eta, asteburu honetan lortutakoa poztekoa den arren, gaurko ahaztuta edukiko dutela eta lanean jarraituko dutela jakinarazi zuen. 

KAE 1 ligako estropadan zortzigarren

Igandean eta larunbatean, Pedreñan, KAE 1 ligako estropadak ere jokatu ziren. Orio Babyauto B ontziak parte hartu zuen estropadan eta zazpigarren eta zortzigarren postuetan sailkatu zen, hurrenez hurren. Sailkapen orokorrean ez du ez gora eta behera egin Oriok, zazpigarren postuan jarraitzen du.

 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!