Arrauna: 2016-2017

Garaipenaren atarian

Karkara 2016ko uzt. 25a, 15:13

Larunbatean Gipuzkoako Ligako zortzigarren jardunaldia izan zen Errenterian. Oriok bigarren egin zuen, Hibaikaren atzetik.

Koska bat egin dute gora Orioko emakume arraunlariek. Iazko laugarren postua atzean utzi eta podiumeko postuetan sendotu dira. Baina, podiumeko koska baxuenarekin aski ez, eta bigarren nahiz lehen postua posible dela sinetsita, ez dute amorerik emango oriotarrek. 

Asteburu honetan, esaterako, bigarren postua lortzea posible dela erakutsi dute neskek. Errenteriako estropadan bigarren sailkatu dira, Hibaikaren atzetik. Lehen ziabogan estu-estu ziren Hibaika eta San Juan. 4:01 denboran hartu dute ziaboga, parean.  Orio lau segundora iritsi da, 4:05 denboran gelditu baitute kronometroa ziabogan.

Bigarren ziabogara estropada buruan direla iritsi dira Hibaikakoak, 6:14:92 denboran hartu dute ziaboga errenteriarrek. Oriok aurrea hartu dio San Juani eta bigarren postuan heldu da ziabogara. Hibaikak baino bost segundo gehiago behar izan ditu. San Juanek bederatzi gehiago. 

Azken luzean aldea gutxitu dute batelerek, baina, hala ere, ezin izan dute Orio atzean utzi. Hibaikak irabazi du estropada 10:15:92 denborarekin. Orio zortzi segundora iritsi da, 10:24:42ko denbora egin du. San Juan izan da hirugarren 10:24:89 denborarekin.

Laugarren sailkatua Donostiarra izan da, Getaria-Zarautz bosgarren, Hernani seigarren, Deusto zazpigarren, Hondarribia zortzigarren eta Colindres bederatzigarren.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!