Udalbatzarrak 2015-2019

Irailean landuko dute pobreziaren gaineko mozioa

Karkara 2016ko uzt. 27a, 09:17

PSE-EEk eta EH Bilduk aurkeztutako mozioa irailerako uztea erabaki zen udalbatzarrean. Gainontzeko gaiak arazorik gabe onartu ziren. 

45 minutu atzeratu zen udalbatzarra, 19:30tatik 20:15tara. Eskari eta galderen aurretik lau puntu jorratu behar zituzten, baina horietako bat –kaleratzeen, pobreziaren eta desberdintasunaren kontrako neurrien gaineko EH Bilduk eta PSE-EEk aurkeztutako mozioa– iraileko udalbatzarrerako uztea proposatu zuen alkateak. 

Gaia zerrendatik erortzearen alde agertu ziren udalbatzarrera joandako zinegotzi guztiak, baina, hala ere, Emeterio Iribarrek EH Bilduren izenean mozioa orain dagoen moduan onartzeko inongo arazorik ez zuela aitortu zuen. Eta, irailean EAJk izango duen jarrerarekin kezkatuta dagoela gaineratu zuen, gainontzeko udalerrien horrelako mozioen aurka agertu baitira jeltzaleak. 

Joxe Anjel Zalduak erantzun zion irailean lantzeak ez zuela zertan esan nahi mozioaren edukia aldatuko denik. Hau da, posible dela mozioak inongo aldaketarik ez izatea. Kontua eztabaidatzea dela, beren artean hitz egitea. Lourdes Salsamendik ere hori azpimarratu nahi izan zuen: orain arte zuek beti eskatu izan duzue mozioak guztion artean eztabaidatzea. Orain EAJk planteatzen duena hori da.

Iribarrek erantzun zion berak presik ez dutela, baina egoerak baietz. Horrelako protokoloak gertatu ahala onartzea egokiagoa dela esan zuen. Alkateak itxi zuen gaia, udaletik laguntza ematerik badago, emango zaiela esanez.

Aktak, tasak eta kreditu aldaketak

Behin gai hori onartuta, 2016ko martxoaren 8ko, apirilaren 5eko eta ekainaren 27ko ez-ohiko bilkuretako akten zirriborroak eta 2016ko maiatzaren 31ko ohiko bilkurako zirriborroa onartu ziren. 11 aldeko botorekin eman zitzaien onarpena. Orain alderdiak abstentzioa bozkatu zuen.

Ondoren, udal kiroldegia erabiltzeko tasen ordenantza fiskalaren aldaketa onartu zen. Eh Bildu, Orain eta PSE-EE aldaketaren alde agertu ziren eta gehiengo sinpleaz onartu zen aldaketa. EAJ abstenitu egin zen. Zalduak abstentzioaren arrazoiak eman zituen: guk kiroldegiko enpresari balantze ekonomikoa eskatu genion. Datuak oraindik ez dizkigute eman, ez dauzkagu. Ez gaude tasen igoeraren kontra, baina datuak ez dauzkagunez, abstenitu egin gara.

Azkenik, Udalaren aurrekontu propioari dagokion 5/2016 zenbakidun kreditua aldatzeko espedientea, kreditu aldaketa kreditua gehitzeko modalitatean egindakoa onartu zen aho batez. Gaiari lotuta, iritzia eman nahi izan zuen EH Bilduk. Iribarrek azaldu zuenez, lurraren jabea udala izan behar du, Anibarko portuko aparkaleku arazoa ekiditeko. Anibarko bizilagunek bertako aparkalekuak erabiltzea eta Ortzaikakoa bisitariek erabiltzea irtenbidea izan daitekeela azaldu zuen. Zalduak erantzun zion lurra udalarena denean lau alderdien artean adostu beharko dutela zein erabilera izango duen.

Zaborraren gaia galdegai

Eskarien eta galderen tartean Gotzon Igoak hartu zuen hitza. Hondakinen mahaia biltzeko eskaria hainbatetan egin duela esan zuen Igoak, nola idatziz, hala bilkuran bertan. Beste behin, hondakinen mahaia biltzeko eskaria egin nahi zuela gaineratu zuen.  Eskaria jasota dagoela eta kontuan izango zutela erantzun zioten Igoari.

Horrez gain, birziklapen-tasaren datuak eguneratzea ere eskatu zuen Igoak. Plazako kartela %43an dagoela denbora luzez eta hori aldatzea eskatu zuen. Zalduak erantzun zion %42 eta piko dela birziklapen-tasa, eta, tartea txikia denez, ez aldatzea erabaki zutela.

Iribarrek, orduan, bere iritzia eman zuen: jarraipena egiten ari garela ikusteko, tartea txikia bada ere, kopuruak aldatzea komeni da. %42, gutxi da oraingo birziklapen-tasa.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!