Berriz elkarrekin

Karkara 2016ko abu. 3a, 09:00

Futbol ibilbidea elkarrekin hasi zutela esan daiteke. Biak, Orioko Futbol Taldean. Iaz aurkariak izan ziren, batak Realean eta besteak igoera lortu berri zuen Oiartzunen jokatzen baizuten. Aurten, ordea, biak elkarrekin arituko dira, Oiartzunen.

Pasa den denboraldian, derbiaren aurretik elkartu ginen Malen Moran eta Ainara Manterolarekin. Morani begiak dir-dir egiten zizkien taldekideez –lagunez– hitz egitean, taldearen indarra eta klubaren babesa azpimarratzean. Handik urte betera, Manterolari bustitzen zaizkio begiak atzean utzi dituen lagun zuri-urdinez hitz egitean. Denboraldi gogorra izan da Realeko jokalari ohiarentzat, eta herrikidearen taldera joatea erabaki du, klubean babestua sentitzeko helburuarekin. Hantxe egin dute topo biek, urte mordoa eta gero.

Iaz aurkariak eta aurten taldekideak. Batera arituko zarete, Oiartzunek zu, Ainara, fitxatu baitzaitu.

Ainara Manterola: Nire egoerari buelta emateko izugarrizko aukera da. Nik autoestimua hutsean nuela bukatu nuen, gogo eta ilusio gabe, futbolerako gogorik gabe. Niretzat lehen onena izan zena, jasangaitza zen. Urte erdia arrastaka pasa nuen. Azkenean, lehen mailan eta etxetik gertu jarraitzeko aukera hau ikusi nuen. Izugarrizko zortea da hori.

Bi talde gipuzkoar egoteak aukerak zabaltzen dizkizuete... 

Manterola: Nik, adibidez, lehen mailan jarraitu nahi nuen. 21 urte bete berri ditut. Bost urte goran egon eta gero, izatez garaia orain dudanean, hor jarraitu nahi nuen. Kanpora joan nintekeen, baina ikasketetan urte bat besterik ez zait falta...

Malen Moran: Eta ez bakarrik lehen mailan dabiltzan jokalariei, baita bigarren mailan dabiltzanei ere. Guk hori nabaritu dugu. Oiartzunek bi talde dauzka, bata lehen mailan eta bestea Euskal Ligan –bigarren maila baino koska bat beherago–. Bigarren mailako hainbat taldetako jokalari gazte bigarren taldera etorri dira, Oiartzunen lehen mailarako leihoa ikusten dutelako.

Hori positiboa da oro har lehen mailarentzat, euskal taldeentzat, baina baita emakumeen futbolarentzat ere. 

Kanpora joateak beste gauza asko albo batera uztea ere badakar.

Manterola: Bai. Horregatik. Aurreko denboraldian pasatakoak pasata, argi neukan kanpora ez nuela futbolagatik joan nahi. Beste hainbat gauzengatik joango nitzake, ikasketengatik, adibidez; baina, bizitakoa eta gero, argi nuen futbolagatik guztia utzi eta kanpora ez nintzela joango. 

Minutu gutxiz gozatzea psikologikoki oso gogorra egin zaizu, beraz.

Manterola: Paper garrantzitsuena familiak eta gertukoek, lagunek eta mutilak, izan dute. Asko babestu naute. Taldera ere oso txikia nintzela joan nintzen, duela bost urte, eta hor ere banituen mimatzen zidatenak. Asko lagundu ninduten.

Baina, era berean, minutuak kentzen zizkizuten horiek ziren...

Manterola: Nire kasuan kanpoko jendea izan da konpetentzia, gerora etorri dena, Madrildik eta Bartzelonatik. Horrek min gehiago egiten du. 15 urterekin ekarri zidaten, etorkizunera begira promes egiten. Geroztik egunero han egon naiz, lanean horretarako; eta, gero, kanpotik ekartzen dute jendea eta etxekoei apenas ematen dizkigute minutuak. Emaitzak onak izan dira, beraz, hori ezin diezu leporatu. Zentzu horretan oso lan ona egin dute.

Eta ez dut neskengatik esaten e, baizik eta klubarengatik –Realarengatik– diot. Neskak nire lagunak dira. Beraientzat aukera oso ona da Reala. 

Entrenatzaile aldaketa izan da minutuak ez izatearen arrazoia?

Manterola: bai, bai. Iaz minutu asko izan nituen eta oso gustura nengoen. Aurtengo entrenatzaileak, ordea, ez dit konfiantzarik eta babesik eman. Ez du nirekin kontatu inongo momentutan. Eta niri hori guztia oso hotza egin zait. Ez zait gustatu.

Eta horren aurrean, aldaketa bat onena?

Manterola: Oso garbi ikusten nuen. Entrenatzera joaten nintzen, ahal nuen guztia egiten nuen –jakinda psikologikoki gaizki egoteak mugatu egiten zaituela, ez nuen konfliktorik sortu –gerora eskertu zidaten–, entrenatzaileari pentsatzen nuena esan nion eta, behin bukatuta, beste bide bat hartu nuen.

Alde horretatik, nire buruarekin oso gustura gelditu naiz. Entrenatzaileari eta klubari pentsatzen nuena esan diet. Taldekideekin ere oso ondo bukatu nuen. Zentzu horretan, pena handia eman zidan talde uztea.

Sare sozialetan ere ikusi da taldean duzuen giro hori...

Manterola: Azken afaria ere oso berezia izan zen. Gure agurra izan zen, erdira atera ziguten, denon aurrera... Emozio asko izan genituen, denok egin genuen negar. Azkenean, taldekideak nire lagunak dira eta jarraituko dute izaten, noski. Atzo hasi nintzen eta askok egin zidaten kasu.

Zuk, ordea, Malen, ez duzu aldaketarik egingo, Oiartzunen jarraituko duzu.

Moran:  Hori da. Kontua da ezker hankan lesioak izan nituela eta, gero, hanka horretako meniskoa puskatu nuela. Martxoan operatu ninduten. Orain errekuperatzen ari naiz. Aurre-denboraldia lehen taldearekin ari naiz egiten, baina bigarren taldearekin egingo dut fitxa.

Ondo osatzeko?

Moran: Entrenatzaileari esan nion nahiago nuela bigarren taldean jokatu. Berak ere ondo ikusi zuen hori, lesio batetik etorrita, hasteko egokiagoa iruditu zitzaion. Gainera, iazko taldeko jokalari dezente gaude eta talde polita daukagu. Uste dut erosoago sentituko naizela maila horretan; zeren, finean, nire asmoa belauna ondo sendatzea da eta futbolean gustura sentitzea.

Zer moduzkoa izan da hasiera?

Manterola: Ona, etxetik gertu dagoelako eta aurten Realean faltan sumatu dudan familia giro hori dagoela diotelako. Lehen esaten nizuna, ez familia giroa lagun artean, baizik eta klubean. Etxeko giroaren bila eta, noski, minutu bila etorri naiz Oiartzunera.

Zuk berretsi dezakezu, Malen, giro hori baduzuela?

Moran: Bai, badaukagu. Baina lehen mailan gaudenetik gauzak aldatu dira, halabeharrez, helburuak aldatu egiten baitira. Lehentasuna beste gauza batzuk daukate. Gauzak aldatu dira, bai, baina ni hemen egon naizen urte guztietan oso-oso gustura egon naiz. Famili giroarena igo ginenean ere aipatu nizun, familia txiki bat baikara. Orain ez da horren lagunarteko zerbait, baina jarraitzen du famili giroa izaten.

Manterola: Azkenean Oiartzunen ere izango dira lehen ez zeuden arazoak. Lehen mailan zaudenez, nahigabe ere, gehiago eskatu behar diozu taldeari. Baina, tira, akaso familia giro hori da Oiartzunen gasolina. Talde bakoitzak bere esentzia dauka eta hori zaindu beharrekoa da.

Familia giro horren desberdintasuna profesionaltasunak ekarri al dezake? Hau da, Reala instalazio aldetik eta jantziago dago Oiartzun baino... horrek eragina izan dezake familia giroan?

Manterola: Ez du zertan, baina bai. Kluba geroz eta handiagoa bada zailagoa da jendeak horrenbeste sentitzea, koloreak zaintzea... jendeak bere buruarengan pentsatzen du gehiago, nahiz eta taldean egonda taldean ere pentsatzen duzun. 

Gainera, horrek ez du esan nahi baliabide gutxiago dituen taldea profesionala ez denik. Oro har, emakumezkoen futbolak baliabide gutxiago ditu, baina profesionalen gisan egiten duzue lan...

Manterola: Realean, adibidez, jartzen zuen fitxa profesionala genuela. Urteetan ere baliabideetan ere aurrerapausoak eman ditugu. Egoera okerragoan egon gara, bai. Baina emakumezkoen futbolean, egoera txarragoak bizi izan ditugunean, apenas hitz egin da horretaz. Barrutik oso egoera latzak ikusten dira, eta ez diruari dagokionez bakarrik...

Gutxiago irabazten duzue, zerbait irabaziz gero; baina profesionaltasun berbera exijitzen zaizue.

Eta ia ordu berberak entrenatzeaz gain, ikasi egiten dugu, eta lana egiten dugu, eta emakumezkoen nahiz gizonezkoen taldeak partidua toki berean badu, guk larunbatean eta berak igandean, guk beren partidua ikusi eta autobusean itzuliko gara eta berak hegazkinean egingo dute itzulerako bidaia...

Horren gaineko kritikak azaleratu dira azken aldian, gutxi badira ere...

Manterola: Itxaso Nabaskuesek idatzi zuen Xabi Alonso bezalakoa izan nahi zuela txikitan, baina ohartu dela ez duela sekula lortuko, gizarteak hala nahi izan duelako. Baina, gerora ikusi duela Xabi Alonso izan ez arren aukerak badaudela, lanean jarraituz gero.

Izan zaitezke, Itxaso izanda. Kontua da zenbateko balioa ematen zaion Xabi Alonso izateari edo Itxaso Nabaskues izateari...

Manterola: Hori da. Pixkanaka badoa, baina oraindik asko gelditzen da. Ez dugu bidearen erdia ere egin.

Aurtengo zuen helburua mailari eustea zen, Malen. Eta hiru partidaren faltan lortu duzue.

Moran: Oso-oso gustura gaude lortutakoarekin. Helburu nagusia mailari eustea zen, baina ez genuen uste denboraldia bukatu baino lehen lortuko genukeenik hori. Oso-oso positiboa izan zen. Partidu batzuetan ikusten zen gainetik pasatzen zigutela. Gu ahalegintzen ginen lehiakorrak izaten, baino... Baina, bestalde, beste talde batzuen aurka, uste baino itxura hobea eman genuen. Gustura aritu ginen.

Batzuetan galdu arren, irabazteko moduko maila eman zenuten

Moran: Bai... Eta, beste partidu askotan, berdinketarako gola 90 minututik aurrera sartu genuen. Horrek erakusten du ez dugula etsitzen, borrokatu egiten dugula.

Hurrengo denboraldiari begira, badirudi taldeak sendotu egin nahi duela...

Moran: Nik uste dut lehen asmoa mailari eustea dela. Behin hori lortuta, ikusi beharko da entrenatzaileak zer esaten duen, zer helburu finkatzen duen. Baina bai, egia da taldeak sendotzeko pauso bat eman du. Jokalariez gain, talde teknikoak ere aldaketak izan dira. Ikusiko da, ea zer gertatzen den!

Manterola: Fitxaketa dezente egin dituzte bai, eta horietako askok aurretik lehen mailan jokatzen zuten. Postua lortzeko lehia egongo da.

Malen, zure helburu pertsonala belauna osatzea eta futbolean gustura sentitzea da, orduan.

Moran: Bai, hori da... 

Eta zurea, Ainara?

Manterola: Minutuak eduki nahiko nituzke, eta berriz ere futbolean gustura aritu nahiko nuke. Futbolari gorrotoa hartzen ari nintzen, eta aitak esaten zidan, hori ez dela posible. Sentsazio gaziarekin ere ez nuen utzi nahi. Amak ere saskibaloia egoera gazian zegoela utzi zuen, eta beti esaten dit, horrela ez uzteko. Eta aurten horretara noa, sentsazioei bira ematera, gozatzera!

Asko gozatu dut futbolean, baita Realean ere. Eman didan aukera eskertzekoa da. Baina orain aldaketa bat eman dut eta oso-oso pozik nago. Gogotsu, oso!

Titularitatea lortzea atzean zailagoa izaten da.

Manterola: Atzean zailagoa da, bai. Funtzionatzen badu, normalean, ez dituzte aldaketak egiten. Eta, partiduan bertan ere, ez bazara titularra, oso zaila da gero jokatzea. Igorrek, adibidez, atzeko talde baten aldeko apustua egin zuen eta funtzionatzen zuela ikustean, ez zidan probatzeko aukera ere eman. Urte guztian bi partidu besterik ez ditut jokatu. Ez dit hanka sartzeko aukerarik ere eman.

Baina tira, berak taldearentzat onena hori zela uste zuen eta hala izan da. Taldeak oso itxura ona eman du. Atzean ondo ibili da eta maila oso ona erakutsi dute.

Oiartzunek ere lehen mailan egoteko taldea dela erakutsi du, partiduz partidu aurkariari hortzak erakutsita. Ea aurten zortea eta jokatzeko aukerak dauzkazuen, eta partiduz partidu futbolaz gozatzen duzuen!

Moran: Eskerrik asko!

Manterola: Ea, bai! Mila esker

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!