Asteazken Gustagarriak Etxeluzen

Karkara 2016ko abu. 3a, 10:23

Gaurtik hasita, lau film emango dituzte gaztetxean asteazkenero

Asteazken Gustagarria izenpean zine emanaldiak antolatu ditu Etxeluze Gaztetxeak abuztuan. Gaurtik hasita, abuztuan zehar lau film emango dituzte asteazkenero 22:00etan. Hainbat gai ardatz hartuta –Euskal Herria, feminismoa, musika...– egin dute film aukeraketa. Hauek dira jarriko dituzten pelikulak:

Abuztuak 3: Asier ETA biok –Aitor Merino, 2013–

Asier eta Aitor Merino aktore eta zuzendaria elkarrekin joan ziren ikastolara Iruñan eta lagun onak dira txikitatik. Aitor Madrilera joan zen aktore izateko ametsa betetzera. Asier ETAn sartu zen 2002an eta Aitorrek ez zekien nola azaldu Madrilgo lagunei berak ulertu ezin zuena. Asier kartzelatik irten zenean filma egitea erabaki zuen, bere lagunak hartutako erabakia azaldu ahal izateko.

Abuztuak 10: La vie d'Adele –Abdellatif Kechiche, 2013–

Julie Marohren Blue nobela grafikoaren adaptazioa da filma. Adelek 15 urte ditu eta ohikoa mutilekin egotea dela badakien arren, bere sexualitateari buruzko zalantzak ditu. Gau batean Emma, ile urdindun neska, ezagutu eta maitemindu egiten da. Harreman horrek familiaren eta lagunen aurrejuzguak ekarriko ditu.

Abuztuak 17: Cobain, Montage of Heck –Brett Morgen, 2015–

Kurt Cobain musikariaren bizitza errepasatzen du dokumentalak, Aberdreen Washingtongen hasi eta Nirvana grunge taldearekin izandako arrakastaraino.

Abuztuak 24: Diario de un rebelde –Scott Kalvert, 1995–

Jim Carroll idazlearen eta bere lagun nerabeen kontrol-galtzea erakusten du filmak. Lapurretak, pornografia, sustantzien kontsumoa... ikasgelatik kanpoko jarduerak autosuntsiketara eta etsipenera eramango ditu bost gazteak.

 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!