Kaltea besterik ez du eragin hegaluze kanpainaren itxierak

Karkara 2016ko urr. 20a, 08:02

Hegaluzearen kanpainan iaz baino tona gehiago jaso da, baita saldu ere, prezio altuagoan gainera. Positiboa dirudi guztiak; baina ez, Espainiako Gobernuak ez baitie hegaluze gehiago harrapatzen uzten. Kuotaren zati bat Frantziari saldu dio gobernuak eta, ondorioz, hemengo arrantzaleek kanpaina bukatutzat eman behar izan dute.

Sareko arrantzaren kanpaina bukatuta sanpedroak ospatzen dituzte Orioko arrantzaleek, eta, behin herriko festak bukatuta, hegaluze bila ateratzen dira. Sanpedroen ondoren joan ziren hegaluzea arrantzazera, beraz.

Guztira ia 5 mila tona Gipuzkoan

Ekainaren 23an izan ziren lehen hegaluze salmentak, baina oriotarrak beranduago irten zirenez, horiek ez ziren hemengo arrantzaleenak izan. Oriokoek lortutako salmenta kopurua zehatz meatz jakitea zaila da. Ziurtasunez dakigun zifra orokorra da, Gipuzkoan saldu dena. Kasik bost mila tonelada saldu dira.

Gipuzkoan hiru portutan sartzen da hegaluzea: Getarian, Hondarribian eta Pasaian. Getarian 3.3 mila tona saldu dira, eta, Hondarribian, 1.6 mila tona. Pasaian gutxi saldu da. Horrez gain, Euskadin 6.200 tona inguru jaso direla eta Espainian 14.900 tona inguru jaso direla ere badakigu.

Salmenta hobeak eta prezio altuagoa

Salmenta gehienak Gipuzkoan izan dira. 2015ean ere kanpaina oso ona izan zen, baina, asko, Gipuzkoatik kanpo saldu zen, batik bat Xixonen eta Laredon. Batzuetan kamioiean Getariara bidaltzen zuten hegaluzea, baina, ia guztia, han saldu zuten, azaldu digu Ane Uranga Orioko kofradiako idazkariak. Iaz Gipuzkoako portutan lau mila tona saldu ziren, aurten bost. Gora egin du, hortaz, Gipuzkoako salmentak.

Prezioak ere gora egin du. 3,85 euroko media izan du prezioari dagokionean. Iaz 3,34 eurotan saldu zen, beraz, gorakada bat izan du. Aurten hobeto ordaindu da, aitortu du Urangak.

Oraindik hegaluze asko itsasoan

Kanpaina ona izan da. Arrain asko harrapatu dute. Baina, oraindik, hegaluze asko dago itsasoan. Kontua zera da, Espainiako Gobernuak ez dietela uzten gelditzen den hori arrantzatzen. 21 mila tona hegaluze harrapatzeko eskumena du Europak. Espainiak kantitate horren %63a harrapatu dezake, hau da, 14 mila tona, argitzen du kofradiako idazkariak.

Kanpaina bukatutzat ematearen arrazoia jaso zezaketen kupoa betetzea dela esan da. Baina horren inguruko argibideak eman ditu Urangak: Sekula ez dugu aurten bezain beste harrapatu. Beste urtetan baino gehiago harrapatu da, bai hemen, bai Kanariar irletan. Iazko datuak bikoiztu dituzte han. Izugarri pila arrantzatu dute. Hortaz, orain arte inoiz bizi ez duen egoera bizi izan du Espainiako Gobernuak.

 

Espainiako Gobernua da arazoaren erantzule

Beste urtetan 14 mila tonako kuota horretara iristen ez zenez, hainbat tona saltzen zituen, beste zerbaiten kuotaren truke. Aurtengoan, esaterako, Frantziari milioi bat tona inguru saldu dizkio. Gu horretaz orain enteratu gara. Ez baginen horrenbeste harrapatzera iritsiko ez ginateke ohartu ere egingo, onartu du. 

Baina, kontua da harrapatzea geneukana baino gehiago harrapatu dugula. Madrildik esan dietenez %10 gehiago harrapatu dute. Baina, noski, %10 gehiago berak aurretik eta inori abixatu gabe ehuneko bat Frantziari saldu diola kontuan hartuta. Horren aurrean, kexu da Orioko kofradiako idazkaria, baina baita Leandro Azkue Eusko Jaurlaritzako arrantza arduraduna ere. 

Kaltea besterik ez baxuko arrantzaleentzat

Madrildik arrantzatzea zeukaten kupoa bete egin zutela eta ezin zutela gehiago harrapatu esan zieten. Orduan jakin zuten Espainiako Gobernuak arrantzatu zezaketenaren zati bat Frantziari saldu ziola. Baina, ez dute jakin ordainetan Frantziak zeren kuota eman dion Espainiako Gobernuari. Hau da, Frantziak trukean beste arrainen bat arrantzatzeko kuota eman dio Espainiari, baina ez dakite ezer gehiago. Ez digute azalpen gehiago eman. Deitzen diegu, behin eta berriz, baina ez digute telefonorik hartzen, azaldu du Urangak.

Leandro Azkuek argi ikusten duena zera da, kaltetuenak baxurako arrantzaleak direla. Truke horretan ez dira onuradun atera, izan ere, Frantziak Espainiari eman dion kuota hori ez da berak egiten duten arrantza modalitaterako, beraz, berak ezin harrapatu gelditu dira, ez hegaluzea ez beste ezer. 

Eta orain zer?

Marinelek harrapatzen dutenaren arabera irabazten dute. Beraz, berentzat oso garrantzitsua da kanpaina ahalik eta gehien luzatzea, bereziki arrainak badaude itsasoan.  Hori horrela izanik, Orioko arrantzaleak triste daude gertatutakoagatik. 

Hegaluzea kainaberarekin da eta sardina sarearekin. Beraz, materiala-eta aldatu behar izaten dute, guztia berriz ere prestatu egin behar izaten dute berriz arrantzara joateko. Horregatik, zain daude. Espainiako Gobernuak epe motzean erantzun bat emango diela esan die, Portugal edo Irlandarekin hitzarmenen bat lortzen saiatuko zirela esan die, baina, Azkueren ustetan, eskuak garbitzeko besterik ez dute hori egiten. 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!