Zortzi talde izango ditu aurten Oriok

Karkara 2016ko urr. 26a, 08:03

Erregional kategorian bi talde izango dira, gizonezkoena eta emakumezkoena. Azpi kategorietan ere taldeak izango ditu Oriok.

Dagoeneko hartu dute martxa. Asteburu honetan 2016-2017 denboraldiko seigarren jardunaldia jokatu du Orioko gizonezkoen erregional preferente taldea. Kategoria horretako taularen erdialdean kokatu dira lehen jardunaldi hauetan.

Liga Behobia taldearen kontra hasi zuten. 5-1 emaitzarekin irabazi zuten Mendibeltzen jokatutako partidua. Hasiera ona eman zioten denboraldiari. Bigarren jardunaldia ere irabazi egin zuten, 0-2, Rotetaren kontra. Hirugarren partidua EAS taldearen kontra jokatu zuten eta 3-3 berdindu zuten. Laugarren jardunaldian etorri zen lehen porrota. 4-1 galdu zuten Euskaldunaren kontra.

Euskalduna lider da 16 punturekin. Jokatutako sei partidetako bost irabazi eta bat berdindu dute. Euskaldunaren kontra galdu eta gero ez dute garaipenik lortu, baina bai puntu batekin etxeratzea. Bosgarren jardunaldian 1-1 berdindu zuten Dunboa Eguzkiren kontra eta pasa den asteburuan 2-2 egin zuten Trintxerperen kontra.

Etxetik kanpo jokatu zuten partidua. Aurkari gogorra zen Trintxerpe, sailkapen orokorrean hirugarren postuan baitaude. Asteburu honetan Astigarragaren kontra jokatuko dute, etxean. 

Emakumezkoak ez horren dirdiratsu

Erregional kategorian emakumezkoen taldea ere badu Oriok. Oraingoz bost jardunaldi jokatu dituzte eta hiru puntu besterik ez dituzte eskuratu. Lau partida galdu dituzte eta bat irabazi. Lehen jardunaldian eskuratu zituzten hiru puntuak, Anaitasunaren kontra.

Ordutik ez dute garaipenik lortu. Gainontzeko jardunaldiak galdu egin dituzte. Azkena juxtu-juxtu, 3-4 emaitzarekin, Zumaiaren kontra.

Asteburu honetan etxetik kanpo jokatuko dute oriotarrek, Ilintxaren kontra. Ilintxa seigarren postuan dago sailkapenean eta Orio bederatzigarrenean. 

Jubenilak lider

Jubeniletan lehen postuan daude oriotarrak. 14 puntu dauzkate eta jokatutako sei partidetatik lau irabazi eta bi berdindu dituzte. Azken partidua erraz irabazi dute, 6-0, Amara Berrien aurka. 

Asteburu honetan Getariaren kontra jokatuko dute, etxetik kanpo. Getariarrak sailkapeneko bosgarren postuan daude, zazpi punturekin.

Kadeteak hiru puntu eta puntu bakarrarekin

Kadeteen kategorian, emakumezkoetan, bost partida jokatu dituzte eta horietako bat irabazita, hiru dira dituzten puntuak. Lehen jardunaldian lortu zituzten hiru puntuak, Danenaren kontra. Orduz geroztik ez dute garaipena ikusi oriotarrek, ondorengo lau partidak galdu egin baitituzte. Asteburu honetan atsedena izango dute, beraz, ezingo dute punturik eskuratu.

Ohorezko mailan, talde bat dauka Oriok. Partida bat irabazi eta bat berdindu dute. Gainontzeko lau partiduak galdu egin dituzte. Maldan gora hasi dute denboraldia eta puntuak pilatzea kostatzen ari zaie. 

16 talde daude kategoria horretan eta oriotarrak 15. postuan daude. Asteburu honetan etxean jokatuko dute, Anaitasunaren kontra.

Infantilak, hutsean oraingoz

Ohorezko infantilen bigarren multzoko oriotarrek ez dute punturik lortu oraingoz. Lau partidu jokatu dituzte eta laurak galdu egin dituzte. Azkena 3-4 galdu zuten Martuteneren kontra. Asteburu honetan Añorgaren kontra jokatuko dute. Punturik pilatu gabe, taularen azken postuan daude oriotarrak.

Infantilen lehenengo mailako taldeak ere ez du punturik lortu. Bi jardunaldi jokatu dituzte eta jokatutako bi partidak galdu dituzte. Asteburu honetan lehen puntuen bila joango dira. Menoska Guria taldea hartuko dute Mendibeltzen.

Alebinak, bitik bat

Alebinetan txanponaren bi aldeak ezagutu dituzte oraingoz. Bi partida jokatu dituzte. Horietako bat irabazi egin dute, Zumaiaren kontra, 1-4 emaitzarekin. Bestea, galdu egin dute, 1-2 Zarautzen kontra. Asteburu honetan Amaikak Bat taldea izango dute aurrez aurre Mendibeltzen.

 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!