Gai guztiak onartu zituzten Zaharren Babeslekuko batzarrean

Karkara 2017ko urt. 20a, 09:00
Argazkia: Diario Vasco

Urtarrilaren 11n, asteazkenean, egin zuten urteko batzarra eta ehun bazkide inguru bildu ziren

Urtarrilaren 11n, asteazkenean, urteko batzarra egin zuen Zaharren Babeslekuak Orioko Kultur Etxean. Ehun bazkide inguru bildu ziren areto nagusian eta gai-zerrendako puntu guztiak onartu zituzten.

Ekitaldi ekonomikoaren itxiera eta 2016. urteko balantzea aurkeztu zuen Zuzendaritza Batzordeak. 907 euroko onurarekin amaitu du urtea Babeslekuak, eta 2017rako 76.000 euroko aurrekontua onartu zuen zuzendaritzak.

Zuzendaritza Batzordean aldaketak ere egin zituzten jubilatuek. 2017an Joxe Manuel Arrillaga izango da idazkaria eta Joxe Manuel Sarasua diruzaina. Horrela geratu zen, beraz, Zaharren Babeslekuko Zuzendaritza Batzordea:

  • Presidentea: Txomin Iribar
  • Presidenteordea: Maribel Agirre
  • Idazkaria: Joxe Manuel Arrillaga
  • Diruzaina: Joxe Manuel Sarasua
  • Batzordekideak: Maria Jesus Ibarreta eta Joaquina Gambero

Bazkide kuotak kobratu dituzte

Zaharren babeslekuak 924 bazkide ditu. Horietatik 247 bazkide 80 urtetik gorakoak dira; beraz, ez dute kuotarik ordaintzen.

2017ko kuotak urtarrilaren 16tik 20ra kobratu ditu Babeslekuak. Oraindik ordaindu ez dutenei Babeslekutik pasatzeko eskatzen die Zuzendaritza Batzordeak.

 

 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!