Ate irekiak egingo dituzte bihar Orioko Herri Ikastolan

Karkara 2017ko urt. 20a, 16:43

Urtarrilaren 30etik otsailaren 10era izango da 2017-2018 ikasturteko matrikulazio epea

Orio Gara lemapean, aurtengo matrikulazio kanpaina martxan jarri du Orioko Herri Ikastolak. Orioko harribitxietako bat egin dute protagonista aurtengoan: hegoaldeko zuhaitz-igela. Desagertzeko arriskuan dago anfibio hori eta hemen inguruan bakarrik aurkitu daitezkeen ezaugarriak ditu.

2017-2018 ikasturtean matrikulatzeko epea urtarrilaren 30ean hasi eta otsailaren 10ean amaituko da –biak barne–. Bulegoko ordutegian egin beharko da, 8:30etik 13:30era eta 14:30etik 18:30era. Familia liburua eta nortasun agiriaren kopia aurkeztu beharko dira aurrematrikula egiteko.

Hainbat guraso bilera eta ate irekien jardunaldi antolatu ditu astean zehar Ikastolak. Horrez gain, bihar, urtarrilaren 21ean, ateak irekiko dituzte 11:00etatik aurrera. Jardunaldi horretan, ikastolako txoko guztiak ezagutzeko eta informazio gehiago jasotzeko aukera izango dute gurasoek.

Ikasketa prozesua

Orioko Herri Ikastolan ikasketa prozesua hiru ziklotan banatzen da. Haur Hezkuntzan, konfiantzaren pedagogia jarri dute martxan: konfiantza giroan haziz, ohartu gara ikasleek dituzten gaitasunak garatzeko aukera biderkatu egiten dela, dio Jasone Garate HHko koordinatzaileak.

Lehen Hezkuntzan ikasketa kooperatiboa eta proiektuka lana egitearen aldeko apostua egin dute. Garatek azaldu duenez,  helburua ikasleek elkarrekin lan egitea, gatazkak era positiboan kudeatzen ikastea eta ikasleen interesengandik abiatzen diren proiektuak lantzea da. Horrez gain, LHko ikasleek KiVa programan parte hartzen dute, mundu mailan eskola jazarpenari aurre egin eta hura murrizteko programarik eraginkorrena.

Amaitzeko, DBHn EKI proiektua jarri dute martxan. Konpetentzietan oinarritzen dugu –dio Zigor Saizar ikastolako zuzendariak–; ikasleak konpetentziak bereganatzen ditu eta, horiei esker, bizitzako egoera errealei aurre egiteko prestatzen dira.

Pirritx, Porrotx eta Marimotots

Urtero bezala, Pirritx, Porrotx eta Marimototsen ikuskizuna antolatu du Ikastolak. Urtarrilaren 27an izango da emanaldia, Karela kiroldegian. Tipi-tapa, Korrika! ikuskizun berria aurkeztuko dute pailazoek. Sarrerak Ikastolako idazkaritzan eta Kutixi Kafetegian daude salgai, 7 euroren truke.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!