Ainara Manterola: "Min hartu aurretik, nire unerik onenean nengoen"

Karkara 2017ko ots. 23a, 08:00
Ainara Manterola futbol jokalaria

Bost denboralditan Realean jokatu ondoren, aurtengo denboraldian Oiartzun futbol taldean ibilbide berria abiatu du Manterolak. Orain min hartuta dago, eta uda arte ezingo du futbolean jokatu.

AINARA MANTEROLA - Futbol jokalaria

Abenduan futbol patida jokatzen ari zinela min hartu zenuen. Zer moduz zaude orain?
Orain askoz hobeto nago, urtarrilaren amaieran ebakuntza egin zidaten, eta pixkanaka onera etortzen ari naiz. Abenduaren 31n lesionatu nintzen, urteko azken egunean. Gabonetan astebetetxoa libre izan genuen, eta berriz ere erritmoa hartzeko Aretxabaletan jokatzen den lagunarteko txapelketa batean parte hartu genuen. Hotz handia egiten zuen egun horretan, eta partida hasi eta berehala, 13. minutuan, korner bat atera eta baloia jasotzeko salto egin nuenean, hanka okertuta erori nintzen. Krakatekoa eta min handia sentitu nituen. Hasieran ez genekien zer nuen, baina probak egin eta belauneko lotailu gurutzatua hautsita nuela esan zidaten.

Kolpe gogorra izan zen, beraz?
Hasieran ezin nuen belauna mugitu ere egin, eta sendagileak esan zidan ebakuntza egunerako hanka tolestea eta luzatzea lortu behar nuela. Hamabost egunetan hori lortzeko ariketak egiten aritu nintzen, goiz eta arratsalde. Ondo iritsi nintzen ebakuntzara eta dena primeran atera zen. Ebakuntzak errekuperazioa eskatzen du, eta orain horretan murgilduta nago; gustura nago egunero hobekuntza txikiak antzematen ditudalako. Gainera, duela lau egun makuiluak kendu zizkidaten.

Denboraldi honetan gehiago jokatzerik izango al duzu?
Ez, lesio larria da, futbol munduan beldur gehien ematen duen lesioetako bat dela esango nuke. Emakumezko futbol jokalarien artean asko gertatzen da gainera; mutiletan baino gehiago. Gure ligan denboraldia hasi denetik belauneko lotailu gurutzatua hautsi duen zortzigarren jokalaria izan naiz. Adituek esaten dute, biomekanikaren ikuspegitik gizonezkoen eta emakumeen egitura desberdina dela. Zainen erresistentzia txikiagoa izateaz gain, aldaken formaren ondorioz, belauna barruraka sartzeko joera izaten dugu emakumeok. Ni Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientziak gradua bukatzen eta osasun eta kirol arloan espezializatzen ari naiz; jakin badakit inoiz baino hobeto lantzen dela lesioen prebentzioa eta lesioa bera. Dena dela, futbola mugimendu gogorrak dituen kirola denez, askotan ezin izaten da lesioa saihestu.
Oiartzunen etapa berria hasi eta lau hilabetera min hartu zenuen, gainera.
Pena izan da, oso gustura nago Oiartzun futbol taldean, min hartu aurretik, nire unerik onenean nengoela esango nuke. Minutu asko jokatzen ari nintzen, eta konfiantza handia hartzen ari nintzen. Horrelako lesio bat izateko inoiz ez da une egokia izaten. Horregatik, datorren bezala onartu eta esperientzia horretaz ere ikasi egin behar da.

Onera etortzeko prozesuan norberak duen jarrera garrantzitsua al da?
Jarrera da gakoa. Helburu batzuk markatu eta pausoz pauso joan behar da horren bila, modu positiboan pentsatuz. Dena dela, baikorra izatea ez da beti erraza izaten; taldekideen babesa izan arren, taldearen eguneroko martxatik kanpo egoten gara jokalariok min hartuta gaudenean, eta bakarkako lan asko egin behar izaten da. Gogorra da hori.

Esperientzia hau ikasbidea izaten ari al da?
Pertsona bezala asko ikasten ari naiz. Arazoen aurrean izan beharreko jarrera eta pazientzia izatearen garrantzia ikasten ari naiz. Ni oso zorrotza naiz nire buruarekin, eta, helburu bat dudanean segituan lortu nahi izaten dut. Errekuperazio prozesua luzea izango da, eta pixkanaka joatearen garrantziaz jabetzen ari naiz.

Iazko urtea gorabeheratsua izan zen. Realetik Oiartzunera pasatu zinen.
Ez zen ondo bukatu iazko urtea, baina orduan hartutako erabakiarekin oso gustura nago. Taldez aldatzeko erabakia ona izan zela uste dut. Lesioa ibilbidean oztopo bat izan bada ere, sendatzen naizenean, futbolera lehen baino indartsuago itzuliko naizela pentsatzen dut. Dena ondo joaten bada, 2017-2018ko aurre-denboraldirako indartsu iritsiko naiz. Gainontzeko taldekideak oporretan daudenean denboraldia ondo hasteko prestatzen arituko naiz.
Dena dela, belauna ondo jartzea da orain nire helburu nagusia; guztiz sendatuta itzuli nahi dut futbol zelaira, berriro min ez hartzeko. Errekuperatzeko denbora gehiago behar badut, hartuko dut, belauna sendatzea baitut helburu.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!