Arratoien aurkako erremedioa dela eta, kezka Abaromendi aldean

Karkara 2017ko ots. 28a, 14:40

Udalak azalpenak eman ditu, kexu den bizilagun batek zabaldutako idatziaren harira.

Asteburu aldean, Abaromendiko bizilagun bat kexu agertu zen, arratoiak hiltzeko pozoiaren erabilera okerra salatuz. Herrian dauden panel urdinetako batean jarri zuen idatziaren arabera, txakur bat larri gaixoturik omen dago, pozoia jateagatik. Ahateen parke inguruan ume eta animaliekin pasieran jende asko ibiltzen dela eta, Udalari beharrezko babes neurriak hartzea eskatzen dio, gerta daitezkeen antzeko istripuak saihesteko.

Udalak gaur zabaldutako oharraren arabera, aldiro egiten dira herrian arratoiak, saguak eta intsektu plagak saihesteko tratamenduak. Lan hauen ardura azpikontrataturiko enpresa batena da. Arratoien kasuan, parafina erabiltzen da erremedio gisa, eta normalean pastillak estolderietan sartzen dituzte, ezkutuan.

Tarteka, hondartza aldeko dunetan kasu, argazkian bezalako kutxekin babesten dituzte pilulak. Hauek, oinezkoak eta txakurrak sartzea galarazita dagoen eremuetan kokatzen dira. Udalaren hitzetan, litekeena da txakurrak gune debekatu horietako batean kutxa topatu, hortzekin hautsi, eta barruko pozoia jan izana; kutxa ere egon omen zitekeen aurretik beste txakurren batek apurtuta. Oharrak, inguru horietan animaliak lotuta eramatearen garrantzia azpimarratzen du.

Udalak, arrangura azaldu du txakurraren istripuagatik, arratoien aurka merkatuan dauden erremediorik ahalik eta seguruenak erabiltzen jarraitzeko asmoarekin batera.

 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!