Orio AE-ko mutilen traineruak urteko lehen estropada irabazi zuen Castron

Karkara 2017ko mar. 6a, 14:05

Bermeoko tripulazioari 54 ehuneneko aldea aterata ekarri zuen etxera XIX. SDR Castro Urdiales Bandera. Orio B trainerua, 9. postuan sailkatu zen.

Orio Arraun Elkarteko mutilen traineruak, denboraldiko lehen bandera astindu zuen atzo Castro Urdialesen. Jon Salsamendiren arraunlariek,  22.27.43-ko denbora behar izan zuten triangelu itxurako estropada eremuari bi buelta emateko.

Eguraldia aldakor egon zen goiz osoan zehar, eta hiru txandak baldintza oso ezberdinetan jokatu ziren.  Orioren txanda hastear zela, haize ufadek hegotik ipar mendebaldera egin zuten bira, eta honek, trabeska sartzen zitzaizkien olatuekin batera, dezente gogortu zizkien itzulerako luzeetako lanak.

Estropada guztian zehar, hiru segundo inguruko aldea izan zen Orio eta Bermeoren artean, baina azken lau minutuetan, bizkaitarrek aldea gutxitzea lortu zuten. Bou Bizkaiakoek Orioren erreferentzia guztiak zituzten, erlojupekoan azkenak atera zirelako, eta helmugan, 54 ehuneneko gehiagorekin amaitu zuten estropada.

Honats, bandera irabazi zuen tripulazioa: Endika Alberdi, Aritz Lizarralde, Xabier Arregi, Josu Ostolaza, Unai Lizarralde, Paul Galdiz, Alexander Esteban, Jon Agirrezabalaga, Odei Arrizabalaga, Iñigo Mujika, Iñaki Elorza, Jon Albizu eta Josu Indo. Patroi, Gorka Aranberri.

Poza eta zuhurtasuna

Aranberri patroia pozik agertu zen Hiru Erregeen Mahaia irratsaioan. Negua luze joaten da, eta gutxigatik irabazita bada ere, bandera bat astintzea beti da polita. Estropadako minutu batzuk onak izan dira, eta beste batzuk gogorrak egin zaizkigu, lehengo bizio teknikoetan erori baikara.

Bandera irabazi arren, autokritika ere egin behar dela adierazi zuen zarauztarrak. Gure ahulguneak zein diren argi ikusi dugu, eta garaipenak horiek lantzen jarraitzeko indarra emango digu. Arraunlariak gogotsu ikusten ditut, anbizio handiarekin ari dira entrenatzen.

Gipuzkoako Batel Liga. 7. jardunaldiko emaitzak

Gipuzkoako Batel Ligako 7. jardunaldia ere burutu zen atzo, Pasaian. Hauek dira Orioko talde ezberdinek lorturiko emaitzak:

NESKAK

Infantilak

  • Orio: 2.postua 05.29.13

Kadeteak

  • Orio A: 2.postua 04.56.18
  • Orio C: 7.postua 05.14.32
  • Orio B: 8.postua 05.17.71

MUTILAK

Infantilak

  • Orio: 6.postua 05.19.92

Kadeteak

  • Orio A: 3.postua 07.08.60
  • Orio B: 7.postua 07.21.47
  • Orio C: 11.postua 07.33.78
  • Orio D: 15.postua 07.55.79

Jubenilak

  • Orio A: 2.postua 09.32.85

Seniorrak

  • Orio: 5.postua 09.28.56

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!