“Ez dut halako haize aldaketarik bizi izan hogeita hiru urtean”

Iñigo Gaiton 2017ko mar. 17a, 13:28

Kukuarrira igo, aireratu, eta hegaldiaz gozatuta, Orion lur hartzeko asmoa zuten hiru parapente zalek lehengo larunbatean. Kolpetik, izugarri harrotu zen haizea airean zirela. Zabaldutako notiziak ulertzera eman zezakeenaren aurka, momentu oro egoera kontrolpean izan zutela esan digu Aginagan lur hartu zuen elkarrizketatuak; bere izenik ez publikatzeko eskatu ere bai, barre txikiarekin.

- Zer gertatu zen, zehazki, larunbatean?

Hiru lagun Kukuarrira igo ginen ordu batak aldera, bertatik salto egin eta hegaldiaren ostean, Orioko hondartzan bazkaltzeko asmoz.

Baldintza onak zeuden parapentean hegan egiteko, suabeak, ipar mendebaldeko 8 km/o haizearekin. Guretzat optimoena 15 eta 25 km/o tartekoa da. 30etik gora hegan egin daiteke kontuz, baina 40tik aurrera, arriskua izan daiteke.

Tontorrean, materiala prestatu eta arazorik gabe aireratu ginen. Hegan genbiltzala, kolpetik harrotu zen haizea. Bost minutuko tartean, 10 km/o-tik 70 era pasa zen.

- Eta?

Haize ufada bortitzek ez ziguten Orion nahieran lur hartzen uzten. Nik altura dezente neukan oraindik, eta Aginaga aldera joatea erabaki nuen, bertan lautada zabalagoa topatu eta lur hartzeko. Arazorik gabe jaitsi nintzen han. 

Lagunetako bat Kukuarri inguruan geratu zen, hegoaldeko hegian. Hor sortzen den haize zurrunbiloak ez zion utzi tontorrean lur hartzen, eta autobideko errotonda inguruan hartu zuen lur, zelai batean.

Hirugarrena, Kukuarriko tontorrean jaitsi nahian zebilela, 25 metroko eukalipto batean geratu zen zintzilik, bideoan ikusten den bezala.

 

 

- Ez zegoen iragarrita haize aldaketa?

Hainbestekoa, behintzat, ez. Galernak eta halakoak tokatu zaizkigu inoiz, baina larunbatekoa ez, oso fenomeno arraroa izan zen. 23 urteko esperientzia dut parapentearekin, eta ez dut halakorik ezagutu.

Arratsaldeko bostetarako haizearen indarra 40 km/o-ra igotzea aurreikusten genuen, baina goizean ez. Normalean, gainera, haizea modu progresiboan joten da indarra hartzen.

- Autobide inguruan jaitsi zen laguna, ospitalera eraman zuten.

Bai. Behin denok elkartu eta erreskate taldeekin gertatutakoaz hizketan ari ginela, lepoan kontraktura txikiren bat edo zuela eta, badaezpada eraman zuten.

- Ez zenuten sentitu, beraz, kontrola galtzeko benetako arriskurik.

Ez, inondik ere ez. Prentsan erreskate zerbitzuek bidalitako oharra argitaratu zuten. Zuhaitzean zintzilik geratutako lagunaren argazkia ere zabaldu zen sarean. 

Informazio horri erreparatuz gero soilik, normala da jendeak berez izan zena baino gertaera larriagoa imajinatzea.

- Eta inoiz kontrola galduz gero, emergentziazko ekipo edo baliabiderik izan ohi duzue soinean?

Parapenteaz gain, soka batetik tira eta berehala irekita zuzenean lur hartzen lagunduko liguken paraxuta eramaten dugu gurekin.

- Orokorrean, ezjakintasun handia dago abentura kirolen inguruan.

Bai, eta horrek alarmismoa hauspotzen du gutako edozeinek izandako gertaeraren bat zabaldu orduko.

Parapente bat hegan ikustea, benetan kirola ezagutzen ez duenarentzat, irudi arriskutsua da. Eskalada edo surfak ere eragin dezakete antzeko efektua. Gauza guztietan bezala, zentzudun jokatzean dago gakoa. Norberak bere mugak ezagutu behar ditu, eta pixkanaka trebatzen joan, esperientzia hartu. 

Parapentean ibiltzea jarduera segurua da. Material oso garatua erabiltzen dugu gaur egun, eta normalean ez da akats teknikorik egoten. Estatistikek argi erakusten dute istripu tasa baxua dela oso. 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!