Ainara Larraza: "Laugarren postuan sailkatzea izango da aurtengo gure helburua"

Karkara 2017ko mar. 22a, 10:13
Ainara Larraza sofbol jokalaria

Orioko OBB sofbol taldeak denboraldia hasi du, eta Ainara Larraza jokalariak aurtengo asmoak izan ditu hizpide. Talde gaztea du OBBk, baina lehiatzeko gogo biziz daude jokalariak.

AINARA LARRAZA - Sofbol jokalaria

Zer moduz hasi duzue denboraldi berria?
Ez dugu nahi bezala hasi denboraldia. Bi jardunaldi jokatu ditugu; duela bi aste izan genuen lehen jardunaldia, eta eguraldi oso txarra egin zuen. Hasiera batean bi partidak irabaztea zen gure asmoa, baina gauzak ez zitzaizkigun nahi bezala atera, eta bi partidetatik bat irabazi genuen. Hala ere, pasa den asteburuan jokatu genuen bigarren jardunaldian maila hobea eman genuen, eta Madrilgo Rivas taldeari bi partidak irabazi genizkion. Hobetzen ari gara, eta gustura gaude.


Taldean aldaketarik izan al da pasa den denboraldiarekin alderatuta?
Oso talde gaztea dugu, eta jokalari gehienak 14-22 urte bitarteko dira. Esperientzia gehiago dugun hiruzapalau jokalari bakarrik gaude. Oro har, taldearen oinarria iazko bera da, baina bi jokalari berri ditugu. Horietako bat Atletico San Sebastian taldeko Carla Novela jokalari gaztea da, eta lan ona egiten ari da taldean.
Bestalde, harrobia lantzea estrategikoa da guretzat, hori baita taldearen etorkizuna. Horregatik, infantil mailako jokalariekin lan garrantzitsua egiten ari gara. Asteartetan eta asteazkenetan entrenatzen dugu gaztetxoekin, 16:45etik 17:45era. Sofbola atsegin dutenek ateak zabalik dituzte taldean.


Zer helburu jarri dituzue aurtengo denboraldiari begira?
Iaz laugarren postuan amaitu genuen denboraldia, eta aurtengo gure helburua laugarren postu hori mantentzea izango da. Jakin badakigu ez dela erraza izango. Ligaren lehenengo itzulian hiru multzo sortzen dira, eta guk erdiko multzoan kokatu nahi dugu, laugarren postutik ahalik eta gertuen. Izan ere, laugarren postuan sailkatzen denak Erreginaren Kopa jokatzeko txartela eskuratzen du.


Beraz, zaila ikusten duzue punta-puntako taldeekin lehian aritzea?
Donostiako Atletico San Sebastian eta Bartzelonako Sant Boi taldea dira sofboleko ohorezko mailan faborito nagusiak. Esperientzia handiko jokalariak dituzte, selekzioekin nazioarteko partidak jokatzera ohituta dauden jokalari asko. Gu maila horretatik urrun gauden arren, oso gustura gaude taldea egiten ari den lanarekin, jokalari gazteak oso maila ona ematen ari baitira.


Azken urteetan belaunaldi aldaketa egon da taldean, baina ohorezko mailan mantentzea lortu duzue. Zein da gakoa?
Gure jokalarien maila talde garrantzitsuetako jokalarienarekin alderatzen badugu, desberdintasuna nabarmena da. Hala ere, OBB taldeko giroa oso ona da, eta  ahalegin berezia egiten dugu gure arteko harremana sedotzeko. Horrek indarra ematen digula uste dut nik. Gainera, jokalari gazteak oso motibatuta daude, eta azken unera arte lehiatzen ari dira.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!