Irungo Santiagotarrak klubari buruzko liburua aurkeztu du Manu Etxeberriak

IƱaki Iturain 2017ko mar. 28a, 13:48
Manuel Etxeberria liburuaren aurkezpenean

Atzo, martxoak 27, Manu Etxeberria oriotarrak egin berri duen liburua aurkeztu zuen jendaurrean. Eguerdian prentsaurrekoa eman zuen Irungo liburutegian, eta arratsaldean Amaia Antzokian azaldu zituen liburuaren nondik norakoak.

Santiagotarrak, 50 urte Bidasoan horixe da liburuaren izenburua. Santiagotarrak Irungo kirol elkartea da, orain dela 51 urte sortua, 1966an. Iaz, urteurrenaren ospakizunen barruan, plazaratu nahi zuten liburua; baina atzerapen txiki bat tarteko, orain eman dute argitara. Santiagotarrak klubak ur kirolak landu ditu sortu zenetik: piragua, kanoa, eta arraunean: olinpikoa eta tostakoa.

Klubak kirol horietan denetan 50 urteotan egindako ibilbidea erakutsi nahi izan du Manu Etxeberriak hiru hizkuntzatan plazaratutako liburuan. Euskaraz eta gaztelaniaz idatzita dago, baina testuaren frantsesezko laburpena ere badu; eta argazki eder askorekin hornituta dator.

Manuk lehendik ere lau liburu ditu idatziak arraunaren gainean. Orioko arraunaren ibilbidea landu zuen lehenengo; ondoren, Zarauzkoa ere aztertu zuen, han bertan bizi zen garaian. Orain, Hendaian bizi baita, Bidasoaren ertzean, Irungo ur kirolen klubaren jarduna erakustea egokitu zaio. Eta emaitza liburu mardul eta dotorea izan da.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!