Aho batez onartu dituzte Orioko 2017ko udal aurrekontuak, oposizioaren emendakinekin

Karkara 2017ko mar. 29a, 17:04
Martxoaren 28ko udalbatzarra

EH Bildu, Orain eta PSE-EE udal taldeek emendakinak aurkeztu zizkioten aurrekontuari modu bateratuan.

Asteartean urteko lehen udalbatzarra egin zuten herrian, eta besteak beste Danbolin Musika Eskolako tarifak eta 2017ko udal aurrekontuak eztabaidatu eta bozkatu zituzten udal taldeek.

Danbolin Musika Eskolako 2017-2018ko tarifak

Udalbatzarrean Danbolin Musika Eskolako tarifen eta hobarien gaia landu zen. Oro har, matrikula tasak berdin mantentzea onartu zuen Orioko Udalbatzak, EAJ-ren eta PSE-EEren aldeko botoekin, eta EH Bilduren eta Orain plataformaren abstentzioarekin.

                                                                    2016-2017           2017-2018

1. maila tailerra                                              178 euro               178 euro
Musika mintzaira                                             144 euro               144 euro
3. maila ikasketa osagarriak                             244 euro               244 euro
2. eta 3. maila musika tresna                           356 euro               356 euro         
2. musika tresna                                             641 euro               641 euro
Euskal dantza                                                  244 euro              244 euro
Euskal dantza musika tresna izanez gero          169 euro              200 euro
Instrumentu taldeak
- Matrikulatuta dagoenarentzat                          DOAN                   DOAN
-Taldera bakarrik joaten denarentzat                 70 euro                 70 euro
Musika tresnen alokairua 
-Etxera eramaten duenak                                 114 euro              114 euro
-Musika eskolan entseatzen duenak                   65 euro                65 euro

 

Bozkatu ondoren, EH Bilduko bozeramaile Emeterio Iribarrek abstenitzeko arrazoiak azaldu zituen. Adierazi zuen, udalbatzar batean Danbolin Musika Eskolan ikasten duten aiarren tarifen finantziazioa Aiako Udalarekin negoziatzeko konpromisoa hartu zuela Orioko Udalak, eta oraindik ez dela urratsik eman bide horretan.

Orain plataformako Miriam Urangak bestalde, galdetu zuen zergatik ez dauden elkarri lotuta Ordenantza Fiskaletan ezartzen diren hobariak eta musika eskolan aplikatzen direnak. "Gure ekarpena datorren urtean kontutan hartuko dela esan digute, baina aurten abstenitu egin gara".

 

2017ko udal aurrekontua

Joxe Angel Zaldua alkateak 7.236.000 euroko aurrekontu proposamena aurkeztu zuen batzarrean; eta kopuru horretatik 265.917 euro inbertsioetara bideratzea aurreikusi zuen.

EH Bildu, Orain eta PSE-EE udal taldeek emendakinak aurkeztu zizkioten aurrekontuari modu bateratuan. Modu horretan, alkatearen soldata 28. mailatik 24. mailara jaistea eskatu zuten, eta Obra eta Zerbitzu, Euskara eta Hezkuntza batzordeburuaren lanaldia %25ean ezartzea. Jaitsiera horiekin udalak urtean 20.645 euroko aurreztuko duenez, oposizioak aurrezki hori hurrengo partidetara bideratzea proposatu zuen: zirkulazio seinalizaziora eta puntu beltzen partida 7.000 eurotik 10.000 eurotara pasatzea; gizarte ongizateko partida 5.000 eurotatik 8.000 eurotara igotzea; ekintza soziokulturalen partida 10.000 eurotik 18.000 eurotara pasatzea; eta soberakinarekin musika eskolarako bi ordenagailu erostea, liburutegiko partida osatzea, eta gainontzekoa bide publikoen mantenura bideratzea.

Emendakinak udalbatzarrean bozkatu zituzten, eta oposizioaren aldeko zazpi botorekin 2017ko udal aurrekontuaren espedientean jasota geratu ziren. Ondorioz, inbertsioen atala 265.917 eurotatik 270.417 eurotara pasatu zen. Jarraian, 2017ko udal aurrekontuak bozkatu eta aho batez onartu zituzten udal taldeek.

Emendakinen arrazoiak
PSE-EEko zinegotzi Ana Priedek aurrekontuari emendakinak jartzearen arrazoiak azaldu zituen udalbatzarrean. Inbertsioen atalean udal taldeen arteko adostasuna lortu bada ere, azken urtean alkateak ez duela “behar bezala lan egin” eta bere jardunean “kudeaketa eta antolaketa gabezia” egon dela uste du oposizioak. “Ondorioz alkatearengan genuen konfiantza galdu dugu. Alkatearen soldata jaisteko eskatu dugu, ordainsaria udalerriaren errealitate sozioekonomikoarekin eta gaur egun alkateak egiten duen lanarekin bat etorri dadin. Bestetik, Obra eta Zerbitzu, Euskara eta Hezkuntza batzordeburuaren lanaldia %15ean jaistea proposatu dugu, postu horrek hasiera batean aurreikusitakoa baino lan karga gutxiago duelako”.

EH Bildu eta Orain udal taldeak bat egin zuten Priederen diagnosiarekin, eta gogoratu zuten alkateak udalean pertsonal arloan dauden hainbat antolaketa eta kudeaketa arazo konpontzeko konpromisoa hartu zuela 2016an, eta urtebetean bide horretan urratsik ez dela egin, “2016 urtearen hasieran bezala gaude”.  

Publikoan udalbatzarra jarraitzen ari zen Orioko alkate ohi Mirari Arruabarrenak hitza hartu zuen Orioko EAJren izenean, eta Orioko Udal Gobernua egiten ari den lana defendatu zuen: “Bidean hainbat oztopo jarri badira ere, aurrekontuak onartzea lortu dugu”. Bestalde, Joxe Angel Zaldua alkateak azaldu zuen emendakinak txertatu arren EAJk aurrekontuaren alde bozkatu zuela, herriarentzat ezinbestekoa delako aurrekontua izatea. “Oposizioak oztopoak jarri arren, Orioren alde lanean jarraituko dugu”.

Oposizioko taldeek argi utzi nahi izan zuten beraiek ez diotela oztoporik jarri Udal Gobernuari,  eta EH Bilduko bozeramaile Emeterio Iribarrek gertatzen ari denaren inguruan hausnarketa egiteko eskatu zion EAJri.

Inbertsio nagusiak
2017ko udal aurrekontuan Orioko Udalak aurreikusi dituen inbertsio nagusiak hurrengoak dira: Estropalari kaleko saneamendu lanak egiteko 31.888 euro; Karela kiroldegiko inbertsioetarako 70.265 euro; Ibaiondon komun publikoak jartzeko 50.000 euro; eta Hiri Antolamenduaren Plan Orokorrerako 20.510 euro. Horretaz gain, Zaragueta Herri Eskolaren eraikina handitzea eta Herriko Plaza-Aritzaga eremuko saneamendu lanak egitea ere aurreikusi du Orioko Udalak 2017rako; proiektu horiek epe laburrean udalbatzarrean bozkatzeko asmoa dute.

Udalbatzarreko beste hainbat gai

Udalaren 2017ko plantilla organikoa eta lanpostuen zerrenda, aho batez onartu zen.

Orioko Udala Gipuzkoako Lurralde Historikoko herritarren partaidetzarako erakunde arteko espaziora atxikitzea, aho batez onartu zen.

Jexux Mari Arriaranek Orioko Gure Esku Dago elkartearen izenean aurkeztutako mozioa, Orion 2017ko maiatzaren 7an herri galdeketa egiteari buruz, erabakitzeko eskubidearen gainean, aho batez onartu zen.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!