“Ez ziguten bizitzaren aginte-makila hartzen irakatsi”

Iñigo Gaiton 2017ko api. 10a, 11:51

Gogoz bildu dira KARKARArekin Irati Zabaleta, Joseba Verhegge eta Garazi Lertxundi. Azken urtetako krisiak beren bizi proiektuetan eragin zuzena izan duela eta, aho bizarrik gabe erantzun dizkigute egindako galderak.

1982 eta 2004 urteen artean jaiotako gazteak dira millenialak. Gurasoak baino egoera sozial, politiko eta ekonomiko hobean hazi ziren, kreditu txartelek poparean irrist egiten zuten garaian. Heltzen joan ahala, krisiak etorkizuna lausotu zien kolpetik, eta amets herdoilduen jenerazio gisa definitu dituzte gaur egun: norbanako nagitsuak omen dira, nartzisistak eta dena onartu zaienak. Aldiz, kritikoak ere bai, parte hartzaileak eta, jakina, digitalak.

Hiru elkarrizketatuek goi mailako ikasketak dituzte: Iratik nanozientzia ikasi zuen eta  zientzia klaseak emateko irakasle titulua ateratzen ari da, Garazik ikus-entzunezko komunikazioa eta The Niu agentzian dabil  lanean, eta Joseba arkitekturako azken proiektua bukatzen dabil egunotan.

Esne mamitan haziak omen zarete.

Beno, hein batean bai, litekeena da. Umetan eta gaztaroan ez zitzaigun ezer falta izan. Ordea, heltzen joan ahala, krisiak bete-betean harrapatu gaitu; kolpetik gordindu zaigu errealitatea.

Dena eginda eman zaizue?

Gurasoek transmititu ziguten gauzak lortzeko lana egin behar dela, esfortzurik gabe ez dagoela ezer ... Horrekin batera, sekula ezer faltako ez zitzaigun sentsazioarekin  hezi gintuzten, nahigabe. Beren­ garaian puzten joan zen globoa, guri lehertu zaigu pare parean.

Errazegi bizi izan zineten, beraz.

Litekeena da, baina ez da gurasoen errua. Sistemak berak bultzatu zituzten gu horrela heztera. 18 urte bete bitartean buruhauste  potoloena zerak sortzen zigun, batxiler zientifikoa, teknologikoa edo letrena aukeratzeak. Hor du erroa gerora sortu zaigun arazoak: ez dakigu erabakiak gure kabuz hartzen, ez gaituztelako horretarako hezi.

LAN MUNDUA & IKASKETAK

Gurasoak baino baldintza txarragoetan biziko den belaunaldia da zuena.

Hala diote, baina auskalo. Ondo prestatuta gaude, eta gogor saiatuta egingo dugu aurrera. Hala ere, egia da etorkizunak ez duela itxura onik. Sistemaren gabeziak geroz eta nabariagoak dira, hainbat alorretan.

Lan munduan, nabarmen.  

Enpresetan lanbide heziketako titulua eskatzen zuten lanpostu askotan aritzeko, esate baterako, unibertsitateko ingeniari titulua eduki behar da orain. Kezkagarriena zera da, lan munduak sufritu duen aldaketarekin unibertsitateetan egoerak lehengoa izaten jarraitzen duela.

Oraindik ere gurasoak entzuten dira, kezkati, seme-alabaren batek karrerarik egin nahi ez duela eta...

Gu ez gintuen inork derrigortu fakultatera joatera, baina bai, inertzia bat sortzen da guraso eta irakasleen artean, ikasleak goi mailako ikasketetara bideratzen dituena. Arrakasta akademikoa eta profesionalaren arteko zubi bakarra unibertsitatea dela usten da oraindik, eta hori ez da horrela. Ikaslea benetan errealizatua sentituko den ikasketak topatzeak behar luke benetako erronka.

 

 

Hezkuntza sistema aldatzen hasteak, lagunduko luke?

Jakina. Gaur egun lan munduan kreatibitatea asko baloratzen da, ideia berriak proposatzea, iniziatiba erakustea edo erabakiak hartzeko gaitasuna izatea. Horretarako prestatu behar dira ikasleak. Hezkuntza sistemak lehengoa izaten jarraitzen du: ikasleei ez zaie beren kabuz pentsatzen, hausnartzen eta ondorioak ateratzen irakasten.

Lan munduaren egoera makurraren aurrean, injustizia sentitzen duzue?

Bai. Benetako aukera bat eskatzen diegu enpresei, dakiguna erakusteko. Praktikak, bekak eta halakoak ematen dizkigute, amaitutakoan hitz onekin maneatuta: oso gustura gaude zurekin, baina … Bekadunak kontratatzea pagotxa bihurtua da enpresa askorentzat. Praktiketan duten gaztea ona bada ere, bota eta hurrengoa hartuko dute denbora baterako. Errotazio sistema moduko mekanismoa  sortu da.

Orain asko hitz egiten da ekintzailearen figuraz. Ez da gehiegi hauspotu edo idealizatu?

Akaso bai. Enpresetan lan gutxi dagoenez, zure kabuz negozioa ekiteko kanpaina asko bultza dira; ordea, autonomoen tasa inon baino altuagoa da hemen. Horrelako kontraesanekin bizi gara.

Kanpainetan ekintzaileei lanean, pasioa da garrantzitsuena, lan ordu eta soldatatik harago eta halako esaldiak atxikitzen zaizkie.

Enpresek gazteon aukera falta aprobetxatzen dute gustuko ditugun lanak eskaini eta jartzen dugun gogoari etekina ateratzeko, ekonomikoki behar bezala saritu gabe. Arazo larria dago hor. Pasioa garrantzitsua da lanean, noski, baina baldintza ekonomiko duinak izatea ere bai.

TRANTSIZIOAN DAGOEN BELAUNALDIA

Trantsizioan dagoen jenerazioa da zuena, bi munduren artean: smartphonetik erosten dituzue zinemarako sarrerak, gero paperean inprimatzeko. Tinder erabiltzen duzue ligatzeko, baina oraindik elizan ezkontzen zarete asko.

Iraultza digitalak kaosa ekarri du gizartera. Mundu berean bizi dira mugikorrik gabeko erralitaterik ezagutu ez duen gaztetxoa eta smartphonik sekula erabil ez duen adinekoa. Derrigor, normala da hor nahasmena sortzea.

Millenialak Internetera konektatuta bizi zarete.

Horrek mundua eskura duzunaren sentsazioa sortzen dizu, gero horrela ez bada ere. Ondorioz, eskastu egin dira pertsonen arteko aurrez aurreko harremanak.

Baloreak galdu dira?

Bai, dudarik gabe. Ez dakigu bakarrik egoten, pribatutasunaren balioa ere galdu dugu. Aurrez aurreko komunikazioari ez diogu berez duen garrantzia ematen.

Nartzisismoaren kontua ere aipatzen da.

Bai, jende askok egiten duen oro publikatzen du sarean: hemen gosaldu dut, hara goaz lagunak, zapata berriak oparitu dizkidate … Bizitza pribatua izatea ez da baloratzen; kontrakoa, sare sozialetan profilik ez daukana bihurtu da arraroa gaur egun.

Sare sozialekiko menpekotasuna sendatzeko zentroa zabaldu zuten iaz Txinan.  

Ez da harritzekoa. Sareko aktibitate publiko horrekin litekeena da jendea, inkontzienteki bada ere, barnean dituen gabeziak estali nahian jardutea. Argazki horietan, sortzen da halako pose faltsu bat, non mundu guztiak eder eta alai agertu behar duen uneoro … nekagarria da benetan.

Gizartean norbait izatea bilatzen da halakoetan, baloratua sentitzea.

Askok interneteko atsegin dut eta halakoetan neurtzen du bere estatus soziala; alegia, mundu birtual baten menpe ditu, hein batean, autoestimua eta izaera.

Ikusi makusira jostatzen genuen gurasoekin, kotxeko bidai luzeetan. Orain marrazki bizidunak ikusten dituzte tabletetan, ez aspertzeko.

Bai, eta telefonoa uzten zaie jolastu eta matrakarik eman ez dezaten. Aztertu beharrekoa zera da,  gurasoak kontziente dira gailu digital horiek umearen heziketan izan dezaketen eraginaz? Prestatu gara tresna horiei erabilera egokia emateko?

 

 

LEHENTASUNAK

Dituzuen aurreikuspen ekonomiko makurrekin, etxe bat erosi edo dirua egitea ez dira zuen helburuetan sartzen.

Lehen etxebizitza bat erostea zen, behin lanean hasita, gehiengoak egin beharreko zerbait. Krisiak zerbait ona ekarri badigu guri, horixe izan da: zalantzan jartzea ea 30 urteko hipoteka batean sartzeak bizitzari zentzua eman diezaiokeen. Honek ez du esan nahi etxebizitza bat izateko eskubidea urratu behar zaigunik, horretarako alternatiba duinak existitzen baitira.

Ez zarete, beraz, aurreko jenerazioak bezain materialistak.

Etxebizitza edo kotxe berria erosteari dagokionez ez, baina gure artean ohikoak dira 600 euroko Iphone-ak patrika urratuenetan ere.

Egoeraren aurrean, ez duzue ernegatu aurpegirik. Iraultza gurasoen etxeko plater bero eta maindire artean nagitu ote da?

Sistemak justua ematen digu ustez ondo bizi garela sinesteko. Dirurik ez zaigu falta trago batzuk hartzeko, futbolarekin entretenitzen gara, sare sozialetan ustez sozializatu … Sistemak beti izan ditu martxan jendea entretenituta, alegia, erdi lo mantentzeko politikak.

Galdera da, beraz, ondo(egi) bizi zarete?

Ondo, bai. Hein batean, pribilegiatuak gara. Espainia hegoalderantz joanda, egoera askoz okerragoa da eta Mediterraneo itsasora begiratuz gero, zer esanik ez. Komeni da tarteka perspektiba aldatu eta ditugun gauzak baloratzea, ez baitira gutxi.

Soziologo batek dio zuen jenerazioa gertuago dagoela politikatik, baina urrutiago alderdiengandik.

Bai, izan liteke. Gai sozialetan muturra sartzeko gogo izugarria dugu, besteak beste, injustizia asko azalean bizitzea tokatu zaigulako. Ordea, zaila egiten zaigu gure interesak defendatuko dituen alderdi batekin identifikatzea. Urteetan alderdi politikoak urruti egon dira jendearen beharretatik, eta orain, gauza batzuk aldatzen ari badira ere, oraindik zabala da bien arteko aldea.

Zoritxarrez, ideia berritzaileak legalki aurrera eramateko betiko politikak dituen filtroetatik pasa behar da, eta horien mekanismoak zaharkituta daudela kontuan hartuz, normala da proiektu eta asmo berriak diluitzen bukatzea.

Zer da zoriontasuna zuentzat?

Zoriontasuna markatzen du, hein batean, duzun konformismo mailak. Garrantzitsua da bizitzan helburuak izatea, baina horiek lortzearekin itsutu gabe, bideaz gozatzen ere ikasi behar da. Hazi gaituzten edo garen moduagatik, asko idealizatu ditugu bizitza, lana, maitasuna ...  Arazo askok idealizazio horretan dute sorburua. Espektatiba handiak egiten ditugu, eta ez dakigu gauza gutxirekin konformatu eta zoriontsu izaten.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!