"Eguraldiak asko baldintzatzen du hondartzako edozein negozio"

IƱigo Gaiton 2017ko api. 12a, 11:52

Hondartzan bildu gara Jon Makazagarekin. Lanean dabil buru belarri, jai bezpera dela-eta jatetxea puntuan jartzen. Berriketak iraun duen bitartean, banatzaile pare batek itxura ederreko jeneroa sartu dute hozkailuetan. Badaezpada ere, denetik eduki beharra zagok, dio Jonek. Ikasketaz irakaslea da, ofizioz ostalaria eta afizioz, surflari amorratua.

- Olatu onak dauden egunetan, joaten al zaizu begia ur izkinera? 

Gazte garaian surf egiteko gogo izugarria izaten nuen, eta hasieran asko kostatzen zitzaidan lanean egonda olatuak ikustea. Lagunak taula besapean zutela jatetxe paretik pasatzen ziren bakoitzean... hura amorrua!

Gerora, heltzen joan eta ikasten duzu lanean zentratu eta egon behar den lekuan behar bezala egoten. Orain, askotan ez naiz olatuekin gogoratu ere egiten.

- Zer eguraldi iragarri dute datozen jai egunetarako, Jon?

Lehorra. Ez dakit egun eguzkitsuak izango ditugun, baina euririk behintzat ez dute eman. Ez da gutxi!

- Isobara mapek diotenaren arabera kalkulatzen dituzue eskatu beharreko jenero kantitateak.

Bai, eguraldiak asko baldintzatzen du gure negozioa. Oporren aurreko egunetan telebistan iragartzen dutenak eragin handia du bezeroen erreserbetan.

- Udaberriarekin batera zabaltzen duzue jatetxea, udazkena bitartean jo eta su aritzeko; jendea opor usainean dabilela, zu lanean.

Bai, hala antolatu dut bizimodua. Negua ahalik eta ondoen aprobetxatzen saiatzen naiz. Behin Gabonak pasata, burua martxan jartzen zait jatetxeko denboraldi berriari nola heldu pentsatzen. Martxoan ireki aurretik prestaketa lan handia izaten dugu garbiketekin, apainketak, konponketak...

- Azken aldian, hondartzako tabernek sarri xamar aldatu ohi dute jabez. Zuek 2007ko udan hasi zineten jatetxea kudeatzen. Espero zenuten hainbeste irautea?

Bai, epe luzerako apustua egin genuen. Zaila da horrelako negozio bat urtebete edo birako errentagarri egitea. Urtez urte hobetzen joateko gogoa eduki behar duzu, baina zaila da asmatzen. Berriz diot, hondartzako jatetxe oro dagoela oso baldintzatuta eguraldiagatik.

 

 

- Azken urteetan egindako apustuetatik, zertan asmatu duzue?

Hondartzako taberna edo txiringito izaera izateaz gain, lortu dugu jendeak Galerna jatetxe bezala ere ikustea. Udako hiru hilabeteetatik kanpo bezeroak gustura etortzen dira ezkontza, komunio eta bestelako ospakizunak egitera.

- Lortu duzue jendea fidelizatzea?

Bai, batez ere kanpotarra: naparrak, goierrialdekoak, tolosaldekoak... Uztaila eta abuztuan asko etortzen dira bazkaltzera.

- Holako negozioa aurrera ateratzeko, zer behar da?

Lana, lana eta lana... kar kar kar! Guretzat garrantzitsua da sukaldean urtez urte ekipoa mantentzea. Zerbitzariak aldatzea ohikoagoa da, baina sukaldean jende bera izateak bermea ematen dizu. Hala ere ez dago sekretu handiegirik; ordu asko sartzeko prest egon behar duzu.

- Zer diote kanpotarrek hondartzaz?

Hondartzaren egoeraz niri ez didate gauza askorik esaten. Ohartu naiz, ordea, azken urtetan jende askok nahiago duela toalla eta hamakak parke berdean jarri hondarretan baino.

- Garai bateko Boga-Boga, Guxabi, Txinparta...

Oso gaztea nintzela ezagutu nituen, baina gogoratzen naiz zuten mugimenduaz. Nire ama, izeba eta familiako asko Boga-Boga zaharrean aritu ziren lanean, eta kontatu ohi didate erruz egiten zutela lan. Oraingo krisiaren aldean, egoera ekonomikoa ere hobea zen orduan, eta hori ere antzematen omen zen jendearen jan eta edateko ohituretan.

- Orain, zer egin daiteke jendea erakarri eta hondartza inguruari martxa emateko?

Nik uste dut zuzeneko musika onak erakarriko lukeela jendea, baina ez dakit, kontzertu eskaintza zabala baita uda garaian. Gu saiatzen gara urtero pare bat kontzertu txiki egiten, nolabait, gure bezeroei zerbait eskaintzeko.

- Eta turismo mailan, orokorrean, zer falta zaigu Orion?

Inguruko herriek badute bereizgarriren bat. Zarautza turista pila erakartzen du surfak, Getarian gastronomiak indar handia dauka, Zumaian flysh-en ibilbidea dute... Orio, zerk bereizten du? Erdi bidean geratu gara. Galdu dugu herri arrantzaleen xarma, hondartza ere ez da oso erakargarria oraintxe... Pasealeku eta parkeez gain, esperientziak eskaini behar dizkiegu turistei.  Euren bisita eta egonaldiak gogoangarri egingo dituzten eskaintzak sortu behar ditugu.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!