Oriotik Arantzazura zeharkaldia antolatu dute iganderako

Karkara 2017ko api. 18a, 15:40

Asteazkenean 20:00etan bilera egingo dute Aldapa elkartean, eta zeharkaldiaren xehetasunak azalduko dituzte bertan.

Herritar talde batek Oriotik Arantzazura mendi irteera antolatu du iganderako. 04:00etan aterako dira herriko plazatik, Aiatik barrena Zelatunera iritsiko dira; Mandubia, Gabiria, Brinkola igaro, eta Biozkorna gaina igoko dute, handik Arantzarura jaisteko. Han autobusa hartuko dute parte hartzaileek eta Oriora itzuliko dira.

Orain arte ostegun santu egunez antolatu ohi zuten zeharkaldia, baina egun horietan jende asko oporretara joaten denez, astebete atzeratzea erabaki dute aurten. Antolatzaileek azaldu dutenez, hogei lagun inguruk parte hartu ohi dute zeharkaldian; oriotarrez gain, beste herrietako mendizaleak ere animatzen dira mendi ibilaldian parte hartzera.

Irteeran parte hartu nahi dutenak asteazkenean 20:00etan Aldapa elkartean egingo duten bilerara agertu daitezke, irteeraren xehetasunen berri izateko.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!