"Sevillako Feria ezagunaren lagin txiki bat da antolatu dugun festa"

Karkara 2017ko api. 28a, 16:52

Bart gauean tabernako azken bezeroekin orduak irrist egin ziola eta, lo gutxi eginda bildu da goizean Karkararekin Arantxa Ibar. Familia euskalduna duen arren, Sevillan bizi izan zen 20 urte bete bitartean. Dagoeneko badaramatza urte batzuk Orion, eta saiatzen da bere hizketa bizian euskara ikasi berria eta gaztelera ahalik eta ondoen uztartzen.

- Nolatan bururatu zitzaizuen Feria Rociera antolatzea?

Apirilean Feria de Abril ezaguna ospatzen da Sevillan, eta Oriora ospakizun horren lagintxo bat ekartzeko gogoa nuen tabernan festa txiki bat antolatuz. Arkupe elkarteko bilera batean proposamena bota nien gainontzekoei, eta denen artean aurrera egitea erabaki zen. Ideia nirea izan arren, herriko ostalari gehiago ere inplikatu dira antolakuntzan.

- Eguraldiak laguntzen badu, giro polita jarriko duzue kalean.

Bai, hori da asmoa. Orion izaten dira parranda gutxiko denboraldiak, eta festa honekin saltsa sortu nahi dugu. Ea jendea kalera atera eta dantza pixka bat egitera animatzen den!

- Zer diote bezero eta lagunek?

Gustura daude, festaren aitzakiarekin larunbatean taberna goizalde-arte irekita izateko baimena eman digutelako... Parrandarako ordu gehiago dituzte!

- Sevillan festa horretarako janzten diren bezala atontzeko gonbita luzatu diezue herritarrei.

Bai, eta bezero batzuk esan didate dagoeneko prest dutela arropa. Mutilen kasuan, ea... Baserritarrez janzteko erabiltzen den arropak balio dezake, gutxi gorabehera! Galtza beltzak, alkandora zuria, txalekoa...

Emakumeen kasuan zailagoa da, Sevillan festa horretarako jantzi bereziak erabiltzen baitituzte. Halere, bezero eta lagunei esan diet nahikoa dela gona luzea, kamiseta, lore bat ilean eta abanikoa eskuan dutela azalduta kar kar kar!

- Andaluzak eta euskaldunok topikoz blaitu gaituzte azken film eta telesailek. Hain ezberdinak gara?

Beno... Eguraldiak eragin zuzena du jendearen umorearengan, eta argi dagoena zera da, hegoaldean klimak asko laguntzen diela kalean egon eta festa giroa izaten.

 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!